Gizartea -
Hizkuntzan erasoak
Elebidek hizkuntza eraso gehiago bideratu zituen iaz
2012an 340 kexa jaso zituzten hizkuntza eskubideen urraketak direla eta, aurreko urtean baino % 15 gehiago.
Erredakzioa
Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Eusko Jaurlaritzako Zerbitzuak 340 kexa jaso zituen 2012an, hau da, aurreko urtean baino % 15 gehiago. 2011n 266 jaso zituen.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politika sailburuordeak azaldu duenez, % 92 kexak izan dira, % 5 kontsultak, % 2 iradokizunak eta % 1 eskaerak.
Sailburuordearen arabera, urteak aurrera joan ahala kexa kopurua handituz joan da. Horren harira, areagotze hori "positiboa" da. Izan ere, bere ustetan, horrek ez du esan nahi urraketak areagotu egin direla, baizik eta jendea sentsibilizatuago dagoela.
Elebidek aurkeztutako txostenak azaltzen duenez, aurkeztutako gertakarien % 86k erantzun "egokia" izan zuten, eta bakarrik % 14tan ez dute irtenbiderik lortu.
Bestalde, Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak azaldu duenez, 2012an 21 kexa jaso zituzten. Hala, bere ustetan, kopuru hori "oso murritza" da osasun sistemak urtero 17 milioi pertsona artatzen dituela kontutan hartuta.