Gizartea -

Ikastolen jaialdia

Eguraldia lagun, jendetza bildu da Araba Euskaraz jaian

Aresketa ikastolak jaia antolatzen duen bosgarren aldia da, eta bildutako dirua bi gela berri eraikitzeko erabiliko dute.

Araba Euskaraz 2013. Argazkia: eitb.com
Araba Euskaraz 2013. Argazkia: eitb.com
Arabako ikastolen aldeko jaia ospatzen ari dira Amurrion

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araba Euskaraz 2013 ikastolen jaialdia ospatzen ari dira gaur Amurrion, 'Mihian kili kili, euskaraz ibili' lelopean. Aresketa ikastolak jaia antolatzen duen bosgarren aldia da, eta bildutako dirua bi gela berri eraikitzeko erabiliko dute.

Eguraldia lagun, milaka lagun elkartu dira Amurrion, Arabako ikastolei babesa erakusteko eta giroaz gozatzeko.

2,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute antolatzaileek. Egun osorako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte lau gunetan banatuta. Musika ekitaldiak izango dira nagusi, eta, era guztietako musikaz gozatzeko aukera izango da: trikilitariak, txarangak, etab. Gainera, Hesian eta Gozategi taldeek joko dute.

Aresketa ikastola duela 35 urte ireki zuten eta orduan 24 ikasle baino ez zituen. Gaur egun, ordea, 528 ikasle ditu eta ikastola txiki geratu da, eta bi gela berri eraikitzeko helburuarekin antolatu dute aurtengo Araba Euskaraz jaia.

'Mihian kili kili, euskaraz ibili' leloak euskal hiztunek hizkuntza erabiltzen dutenean, sentitzen duten zirrara hori islatzen du.

Amurrioraino joateko garraio publikoa erabiltzeko aholkatu dute jaialdiaren antolatzaileek. Hala ere, ibilgailua uzteko aparkalekuak ere izango dira erabilgarri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskaraz albisteak