Gizartea -
Proiektu polemikoa
Goi tentsioko linearen inguruko herri galdeketa Gipuzkoa eta Nafarroan
Sarea pasatzekoa den herrietan egingo dute kontsulta, horren kontrako plataformak deituta.
Erredakzioa
Red Electrica de España enpresak Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso artean eraiki nahi duen goi tentsioko lineak ezinegona sortu du, "autopista elektrikoa" igarotzekoa den Nafarroako eta Gipuzkoako herrietan. Gaur, igandea, herri galdeketak egin dira Gipuzkoako eta Nafarroako hogeita hemeretzi bat herritan. Parte-hartzea "fluidoa" izan da, antolatzaileen arabera.
Hautestontziak 19:00etan itxi dituzte eta herri galdeketen emaitzak bihar, astelehena, jakinaraziko dituzte.
Bozketa prozesuaren gardentasuna bermatzeko, 50 lagunez osatutako Jarraipen Batzorde bat osatu dute. Begiraleek ardura hauek izango dituzte: galdeketaren jarraipena egitea, boto-emaileen datuak akta batean biltzea eta, ondoren, kontaketa egitea.
Antolatzaileek ohar bidez jakinarazi dutenez, herritarrek uste dute iritsi dela herriaren hitza entzuteko garaia. Horien esanetan, osasuna, ingurumena eta pasaia daude jokoan, eta, batik bat, ondorengo belaunaldien etorkizuna.
"Proiektua gauzatzea ez da beharrezkoa, izan ere, enpresa sustatzailearen eta multinazionalen irabaziak handitzeko baino ez du balioko", salatu dute.
Aurrez, proiektuaren kontrako mozioak onartu dituzte 216 udal eta kontzejutan, eta 500 pertsona inguruk sinatu dute Altsasuko adierazpena, tartean dira kulturako, hezkuntzako eta kiroleko pertsona ezagunak.