Gizartea -
Eustateko datuen arabera
10 nerabetik 9k ordenagailua dute, eta 8 internetera sartzen dira
Batez beste, hogeita hamar minutu baino gutxiago egoten dira Internetera konektatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoko 15 urtetik beherakoen % 94k ordenagailua dute etxean, eta % 81 egunero konektatzen dira Internetera, aisiari buruzko informazioa jasotzeko batez ere.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak urteko lehen lauhilekoari dagokion txostenean argitaratutako datuen arabera, gazte horiek honetarako erabiltzen dute ordenagailua: Internetera konektatzeko (% 79); jokoetan aritzeko (% 66); testu-prozesadoreak erabiltzeko(% 43); argazkiak eta bideoak editatzeko (% 41), eta musika entzuteko (% 39).
Interneten gehien bilatzen dituzten edukiak aisialdiarekin erlazionatutakoak dira (%82). Horretaz gain, liburutegiak eta dokumentazio zentroak kontsultatzen dituzte (% 54); posta elektronikoa erabili (% 44); ondasunen eta zerbitzuen informazioa bilatu (% 41); sare sozialetan aritu (% 35), eta WhatsApp bidez komunikatu (% 34).
Etxean Interneterako sarbidea duen 15 urtetik beherako 160.000 neska-mutil inguru daude Euskadin.
Horien % 81,3k erabili dute Internet azken hiruhilekoan; iaz, 15 puntu gutxiagokoa zen kopuru hori.
Interneteko konexioen batez besteko iraupena ez da hogeita hamar minutu baino gehiagokoa izaten. Hala, % 46 15 eta 30 minutu artean egoten dira Interneten; % 30,4k 30-60 minutuz; % 16 ez dira 15 minutu baino gehiago egoten, eta % 7,3k soilik igarotzen dute ordubete baino gehiago nabigatzen.
Gazte horien gehiengoak gaztelania erabiltzen du nabigatzeko (% 95,6). Hala ere, erdiek baino gehiagok euskara ere erabiltzen dute (% 53,2). Gainera, horien % 12,7k ingelesez ere nabigatu dute.