Gizartea -
10. urteurrena
'Berria'k euskal komunitatean duen eragina goraipatu dute
2003ko ekainaren 21ean kaleratu zuten lehen alea, eta gaur egun 64.000 irakurle eta 13.200 harpidedun ditu.
Erredakzioa
Berria egunkariak 10. urteurrena ospatuko du gaur, Andoaingo Martin Ugalde parkean.
Espainiak Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau hilabete geroago jaio zen Berria. 2003ko ekainaren 21ean argitaratu zuten lehen alea, eta egun berean jarri zuten martxan berria.info webgunea ere.
Gaur egun, 64.000 irakurle eta 13.200 harpidedun ditu Berriak. Iban Arregi kontseilari ordezkariaren hitzetan, irakurleen babesa ezinbestekoa izan da, "oraindik ere ziztadek eta harpidetzen eusten baitiote Berriari".
Egun osoko festa prestatu dute gaurko, eta berriazaleak eta, oro har, euskaltzaleak elkartu nahi dituzte. Goizean Irrien Lagunek "Kanta eta dantza" ikuskizuna eskaini dute etxeko txikienentzat. 11:00etatik 12:30era bitartean Berria barrutik ezagutzeko parada izan da, erredakziora bisita eginda Martxelo Otamendi zuzendariaren eskutik. Sagardo dastatzea izan da segidan, eta txotx eta txotx artean bertsoak abestu dituzte Odei Barroso, Arrate Illaro eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek.
Goizean zehar, politika eta euskalgintzako ordezkari asko bertaratu da Martin Ugalde parkera Berria zoriontzeko asmoz. Denek, Berriaren ibilbidea goratu eta euskal komunitatean duen eragina azpimarratu dute.
Hamarkada honetan zehar egunkarian parte hartu duten langileek ere omenaldia jaso dute.
Eguneko ekitaldi nagusia 13:30ean izan da, eta Beatriz Zabalondo Berria Taldeko lehendakariak eta Iban Arregi kontseilari ordezkariak hartu dute parte, politikari eta euskalgintzako beste hainbat ordezkarirekin batera.
Ekitaldiaren ostean bazkaria egin dute; eta bazkalostean, berriz, Napoka Iria, Petti, Morau eta Gose taldeek alaitu dute arratsaldea.