Gizartea -
Radio Euskadi
Alderdiek bidegabetzat jo dute krisiaren errua etorkinei botatzea
EAEko herritarren % 21,3k uste dute kanporatu egin behar direla paperak lortu ez dituzten etorkinak, Inmigrazioaren Euskal Behatokiak argitaratutako ikerketa baten arabera.
Erredakzioa
Eusko legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko gehienen iritziz, bidegabea da krisiaren errua etorkinei botatzea, eta hezkuntzaren garrantzia nabarmendu dute.
EAJ, Bildu, PSE-EE eta PP alderdietako ordezkariek Inmigrazioaren Euskal Behatokiak atzo argitaratutako ikerketa izan dute hizpide. EAEko herritarren % 21,3 paperik gabeko etorkinak kanporatzearen alde dago; duela urtebete % 8,8k zuen iritzi hori.
Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidearen iritziz, etorkinenganako jarrera hori ez da zuzena. "Hiritar guztiek dituzte oinarrizko eskubideak, eta ezin dugu arrazaren edo jatorriaren araberako bereizketarik egin, gure herrialdean bizi den orok oinarrizko eskubideak izan behar ditu", gaineratu du.
Herritar guztiek dute osasun eta hezkuntza sistema publikorako sarbidea izateko eskubidea, beren jatorria edozein delarik ere, Bilduko Dani Maezturen arabera. "Pedagogia egin behar da, eta herritarrei ulertarazi behar zaie atzerrira joateko beharra duten horiek sistemaren alderik tristeena direla", azaldu du.
Jose Antonio Pastor buruzagi sozialistak ere pedagogiaren aldeko apustua egin du. Etorkinen kopurua txikiago da Euskadin Espainian baino, eta horrek "elkartasun giro bat sortu du, itxuraz". Horren ustez, krisi ekonomikoaren erruduna bilatu nahi dute herritarrek eta erru gutxien duena izendatu dute. Etorkinei beren herria uztera behartu dituzten egoera sortu dutenak dira errudunak".
Alderdi Popularreko Borja Semper legebiltzarkidearen esanetan, "etorkinak ez dira errudunak". "Pertsona asko etorri dira Euskadira bizimodu hobe baten bila, eta horregatik enplegua sortu eta pedagogía egin behar dugu".