Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Bi gizon atxilotu dituzte Mungian eta Bilbon genero indarkeriagatik
24 urteko gizon batek ustez bikotekidea jo zuen Mungian, hark semea besoetan zuela. Ertzaintzak 33 urteko beste gizon bat atxilotu zuen Bilbon, bikotekide ohiari ustez eraso egiteagatik.
Erredakzioa
Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen atzo Mungian eta Bilbon (Bizkaia), genero indarkeria delitu bana egin izana egotzita. Atxilotuetako batek ustez bikotekidea jo zuen, hark semea besoetan zuela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Polizia Autonomikoak 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igandean Mungian. Emakumearen arabera, bikotekideak hainbat ukabilkada eman zizkion aurpegian, hilabete gutxiko semea besoetan zuela. Biktimak etxetik alde egin zuen eta Ertzaintzari deitu zion, laguntza eske. Agente batzuk haren etxera joan ziren, eta ustezko erasotzailea atxilotu zuten bertan, genero indarkeriaren delitua egotzita.
Bestalde, Ertzaintzak 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Bilbon, bikotekide ohiari eraso egitea leporatuta.
Erasoa 19:00etan izan zen, Bilboko Casilla plazan. Biktimaren arabera, gizona hurbildu zitzaion, eta, iletik tira egin ondoren, lurrera bota eta bularretan, sorbaldan eta sabelean hainbat zauri eragin zizkion, arrastaka eramanez.
Plazara joan ziren ertzainek atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea, emakumeak zauri-markak zituela ikusi ondoren.