Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Errenterian bikotekidea hiltzea leporatuta
Emakumea atzo eraman zuten Donostia Ospitalera, egoera oso larrian, eta gaur goizean hil da.
Erredakzioa
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Errenterian, bikotekidea hil duela egotzita. Biktima Ana Isabel Nuñez da eta 41 urte ditu, EITBk jakin ahal izan duenez.
Emakumea atzo eraman zuten Donostia Ospitalera, egoera oso larrian, eta gaur goizean hil egin dela jakinarazi dute.
Ertzaintzak ikerketa bat jarri du abian, gertatutakoa argitzeko eta emakumearen bikotekidea atxilotu du. EITBk jakin ahal izan duenez, atxilotutako gizonaren aurreko bikotekide batek haren aurkako salaketa jarri zuen, tratu txarrak ematea leporatuta.
Ana Isabel Nuñezek, berriz, inoiz ez zuen salaketarik jarri eta, beraz, ez zuen inolako babes berezirik.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, emakumeak buruan kolpe handia zuen eta beste hainbat zauri gorputzean eta aurpegian. Lesio horiek eraso baten ondorioz eragindakoak izan zitezkeela aintzat hartuta, ospitaleko arduradunek Ertzaintza ohartarazi zuten.
Eusko Jaurlaritzak bere "kezka" agertu du
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak bere "kezka eta haserrea" agertu du Errenteriako emakumearen hilketaren aurrean.
Prentsaurreko batean, Erkorekak jakinarazi du "zantzuak" daudela bikotekideak emakumea erail duela baieztatzeko.
Jaurlaritzako bozeramaileak bere "kezka" agertu du, "ez garelako gai gure gizartearen gauzarik negatiboena irudikatzen duen biolentzia matxista desagerrarazteko".