Gizartea -
Segurtasun falta
Europak Bizkaiko Zubiaren segurtasunari buruzko azalpenak eskatu ditu
2010ean istripu batean hil zen gaztearen familiak transbordadorearen segurtasuna hobetzeko kanpaina bat hasi zuen. Haien ustez, zubiaren barrerek ez dute inolako segurtasunik bermatzen.
Erredakzioa
Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordea kezkatuta agertu da, eta Bizkaiko Zubiaren segurtasunaren inguruko azalpenak eskatu ditu, Mikel Uriarteren, 2010ean transbordadorea gurutzatzen zegoela hil zen gaztearen, gurasoek egindako salaketaren harira.
Batzorde horrek gutun bat helarazi dio El Transbordador de Vizcaya SLri, "zubiaren egoeraren gaineko zehaztasunak" eskatzeko, Uriarteren gurasoek jakinarazi dutenez.
Uriarte 2010eko irailaren 8an hil zen, 22 urte zituela, zeraman autoa ibaira erori baitzen, gurasoek azaldu dutenez, zubiaren zorua egoera txarrean zegoelako.
Haren ama Eskaera Batzordeko hainbat europarlamentarirekin bildu zen martxoan, zubian segurtasun nahikorik ez dagoela salatzeko.
Gutun horretan, batzordeak Bizkaiko Zubiaren segurtasun neurriek Europako araudia betetzen duen edo ez jakiteko azalpenak eskatu ditu. Hala, enpresak "bideko azpiegituren segurtasun neurrien, eraikinaren parametroen, eraikuntzarako erabilitako materialen eta irisgarritasunaren" inguruko zehaztasunak eman beharko ditu.