Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Jaurlaritzak esan du 'Euskal Y'a ez dela isolatuta geratuko
Jaurlaritzaren hitzetan, abiadura handiko trenaren sarea eraikitzea "lehentasuna" da, eta Europa osoarekin konektatuta egongo dela ziurtatu dute.
Erredakzioa
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak gaur ziurtatu duenez, "Euskal Y"-aren proiektua "Europa osoarekin konektatuta egongo da" eta "inola ere ez da abiadura handiko trenen beste sareetatik isolatuta geldituko".
Oregik Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, AHTaren sarea eraikitzeko obrak "lehentasuna" dira Eusko Jaurlaritzarentzat, "Euskadiko hiru hiriburuen arteko konexioa hobetuko duelako eta abiadura handiko trenen Europako beste sareekin konektatuta egongo delako".
Oregiren ustez, "obrak ahalik eta lasterren bukatzea hobeagoa izango litzateke", baina toki batzuetan "beranduago bukatzeak edo prestazio maximoekin ez egoteak ez du esan nahi horietatik pasatu ezin dela. Horietan trena motelago joango da".
Nahiz eta beste tarte batzuetan trenak 300 kilometro orduko abiadura har dezakeen, Oregik azaldu duenez, Burgosetik Gasteizera "trenek 200 kilometro orduko abiadurarekin joan beharko dute 80 kilometroko zati batean". Nolanahi ere, "abiadura handia lortzen ez badu ere, prestazio altuak" eskaintzen dituela esan du.
Arabako hiriburua Bilborekin eta Donostiarekin lotzen dituen konexioan ere, trenak ez du abiadurarik handiena lortuko, inguruaren orografiagatik eta merkantziak garraiatu ahal izateko. Hala, zati horietan, trenak 250 kilometro orduko abiaduran joango dira. Bestalde, mugatik Bordelerako zatian, Frantziako sarean bezala ibiliko dira, Oregik zehaztu duenez.