Gizartea -

Ezbeharra Galizian

Gutxienez 78 lagun hil dira Santiagon tren bat errailetik atera ostean

Gutxienez 140 lagun zauritu dira. Distantzia luzeko Alvia tren batek izan du istripua. Trena Madril-Ferrol ibilbidea egiten ari zen. Litekeena da abiadura handiak istripua eragitea

Trenaren istripua Galizian. Argazkia: EFE
Trenaren istripua Galizian. Argazkia: EFE
Tren bat errailetik atera da eta gutxienez 35 pertsona hil dira

1:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 78 pertsona hil eta beste 140 zauritu dira asteazken honetan tren bat Santiagotik gertu (Galizia) errailetik atera eta gero, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Trenak gutxienez 218 bidaiari zeramatzan.

Distantzia luzeko Alvia trena Madril-Ferrol ibilbidea egiten ari zen, Adifeko iturriek jakinarazi dutenez. Ezbeharra A Grandeirako bidegurutzean gertatu da, Santiagotik hiru kilometrora. Trenaren lau bagoi irauli egin dira.

Hildako kopuruak gora egin du goizaldean, Larrialdietarako Zerbitzuek hainbat bagoi altxatu ostean. Halaber, litekeena da gorpu gehiago aurkitzea. Izan ere, konboiak mugitzeko lanek jarraitzen dute ostegun honetan.

Bestalde, hasierako ikerketen arabera, ez da atentatua izan, eta baliteke bihurgune batetik igarotzean abiadura handiak istripua eragitea. Izan ere, trenaren gidaria onik dago, eta bertatik 180 km/h-ko abiadura zeramala aitortu du (bertako muga 80 km/h-koa izanda).

"Trena errailetik atera da, zer egingo dut ba?", esan zuen trenaren gidariak telefonoz izandako elkarrizketa batean, ikerketaren hainbat iturrik adierazi dutenez.

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak adierazpen instituzionala eskainiko du gaur goizean Exekutibo autonomikoarekin bildu ostean. Galiziako Xuntak jakinarazi duenez, Exekutiboa 09:30ean batzartuko da San Caetanoko gobernuaren egoitzan eta ondoren, presidentearen agerraldia izango da.

Adifeko teknikariak eta larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu dira.

Trena Santiago efe

Trena Santiago efe

Argazkia: EFE

Konboia hiru zatitan hautsi dela azaldu dute lekukoek. Tren-makina eta aurreneko lau bagoiak errailetik irten dira. Erdiko bagoi batek lubeta baten gainetik hegaz egin du eta etxebizitzetatik gertu erori da. Gainerako bagoiak irauli egin dira.

Trenak geltokian sartzeko "abiadura normala" zeramala esan dute bertako bizilagunek. Hala ere, trena errailetik irten baino lehen zarata entzun dutela erantsi dute. Ondoren ke-mordoa atera dela gaineratu dute.

Santiagoko Udalak Apostoluaren jaietako ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu.

Trena Santiago efe

Trena Santiago efe

Argazkia: EFE

Ana Pastor Sustapen ministroa eta Rafael Catala Sustapen Estatu idazkaria istripuaren tokira joan dira.

Renfeko iturriek jakitera eman dutenez, ezbeharra abiadura handiko tarte batean gertatu da, Ourense-Santiago tartean, hain zuzen ere.

Biktimen senitartekoak artatzeko telefono zenbaki bat martxan jarri duela erantsi du Renfek: 900 101 660.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea