Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

EHUko errektoreak euskal unibertsitate lege berri baten alde egin du

Gaur egungo legediak baimentzen ez dituen goi mailako beste irakaskuntza eredu batzuk ezartzea ahalbidetuko luke Lege berriak, Goirizelaiak azaldu duenez.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea. Argazkia: EITB
Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea. Argazkia: EITB
Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak euskal unibertsitate lege berri bat zehazteko prozesu bat irekitzearen alde egin du. Gaur egungo legediak baimentzen ez dituen goi mailako beste irakaskuntza eredu batzuk ezartzea ahalbidetuko luke Lege berriak, Goirizelaiak azaldu duenez.

Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean, errektoreak esan du euskal unibertsitate legeak Espainiako legeak "jasotakoa" errepikatu du eta "hezkuntza eskumenak Eusko Jaurlaritzarenak badira, ez litzateke gaizki egongo beste eredu batzuk ahalbidetuko lituzkeen lege berri bat sortzeko prozesuari ekitea".

Horrela, Goirizelaiak gaur egun egin ezin diren ekimenak garatzeko eredu berrien eta agintean daudenen menpe ez dagoen hezkuntza eredu bat sortzeko akordio baten alde egin du.

Horrez gain, krisi egoera honetan EHUk 2013rako aurrekontuan murrizketa nabarmena (% 9,24) egin duela adierazi du errektoreak, eta, hori dela eta, besteak beste, Medikuntza eta Odontologia fakultate berria eraikitzeko proiektua atzeratu beharko da.

Bilboko kanpus teknologikoari buruz, Goirizelaiak esan du San Mameseko lanak amaitzean "mahai gainean" jarri beharko dutela.

Bestalde, unibertsitateko langileei Gabonetako ordainsaria ordaintzeagatik egotzi dioten prebarikazio delituagatik "oso lasai" dagoela adierazi du.

Goirizelaiak azaldu duenez, langileei nominak lehenago ordaintzeko hartu zuen erabakiak "ez du legerik urratzen eta are gutxiago nahita urratzen".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea