Gizartea -
Gertaera
Gizon bat atxilotu dute Madrilen, ume bati tiro egitea egotzita
Ustez, loa eragotzi ziolako egin zion eraso adingabeari. Poliziak 30 urteko ustezko erasotzailea atxilotu du, eta lesio larriak eragitea egotzi dio.
Erredakzioa
Ustez, 30 urteko gizonezko batek 11 urteko mutiko bati tiro egin zion astearte honetan Madrilen, lo egitea eragotzi ziolako. Ustezko erasotzailea atxilotu du Poliziak eta lesio larriak eragitea egotzi dio.
Poliziak ustezko erasotzailearen etxebizitza miatu du, eta lau karabina, zortzi arma zuri eta kalibre ezberdinetako 65 kartutxo atzeman dizkiote. Atxilotua epailearen esku utzi dute dagoeneko.
Antza denez, 20:30 inguruan gertatu zen erasoa Madrilgo San Blas-Canillejas barrutian. Mutikoa futbolean jokatzen ari zen kalean, eta bat-batean bularrean kolpe bat sentitu eta lurrera erori zen.
Ustezko erasotzaileak egindako tiroak aorta kalte egin zion, eta Ramon y Cajal ospitalera eraman zuten larri.
Poliziak azaldu duenez, erasoa gertatu baino ordu erdi lehenago ustezko erasotzaileak zaratarik ez ateratzeko eskatu zien haurrei.