Gizartea -
San Ignazio festa
Urkulluk oihu egin dioten gazte batzuei aurre egin die, Azpeitian
Urtero bezala, lehendakariak San Ignazio festako prozesioan eta elizkizunean parte hartu du, euskal erakundeen beste ordezkari batzuekin batera.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak "faxista" eta "pailazoa" oihukatu dioten gazte batzuei aurre egin die, eta ordezkatzen duen erakundearentzako "errespetua" eskatu die. Ertzaintzak gazte horietako bat inputatu du, irain delitua egotzita.
Urtero bezala, lehendakariak San Ignazio festako prozesioan eta elizkizunean parte hartu du, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearekin batera.
Ibilbide horretan, gazte talde batek oihu egin dio lehendakariari, eta hark aurre egin die. "Erakundeetako ordezkari bakar batek ere" ez du horrelako jarrerarik onartu behar, agintariaren ustez, "gizartearen ordezkariak" baitira.
Gertakari horren ildotik, Martin Garitanok "normaltasun politikoa eta bakea" lortzeko lanaren alde egin du. "Gaurko gertakariek eta antzekoek bide hori egin ez dugula erakusten digute", esan du.
Desfilearen ostean, agintariak Loiolako basilikara joan dira Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak urtero eskaintzen duen elizkizunera. Bidean, Etxerateko ETAko presoen senideek presoek bizi duten egoeraren berri ematen duen txosten bat eman diote lehendakariari.