Gizartea -
Pasealeku Berrian
20 urteko gizon bat hil da Donostian, haitz batek azpian harrapatuta
Udal Gobernuak bozeramaileen batzordea deitu du ostegun honetarako; 09:00etan egingo dute. Hildakoa donostiarra zen, eta Urgull menditik eroritako arroka batek harrapatu du.
Erredakzioa
20 urteko gizon donostiar bat hil da asteazken honetan, arratsaldean, Donostiako Pasealeku Berrian, harkaitz batek azpian harrapatuta, Udaltzaingoak jakitera eman duenez. Biktima Mikel A. EHUko ikaslea zen.
Arroka Urgull menditik erori da, 17:15ean. Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko egoitzaren parean izan da ezbeharra.
DYAk jakitera eman duenez, Urgull menditik errepidera erori den harkaitzetako batek gaztea harrapatu du eta hil egin da.
Larrialdi zerbitzuak gaztea suspertzen saiatu dira 45 minutuz, baina alferrik izan da.
Udaltzaingotik jakitera eman dutenez, gaztea bi lagunekin zihoan oinez, Donostiako Pasealeku Berritik, itsasoaren albotik, Urgull mendiaren hegala beste aldera utzita. Une horretan, lur-jausi bat gertatu da.
Lanak
Ezbeharra gertatu den tokian, mendi hegala hesiz inguratuta dago, eta garabi bat dago bertan; izan ere, euriaren ondorioz iragan neguan eta udaberrian luiziak izan ondoren, lanak egiten ari dira.
Argazkia: EFE
Harkaitzak Pasealeku Berriaren alboan dagoen errepidera erori dira, eta horietako batek, antza denez, gaztearen burua jo du, Udaltzaingoak azaldu duenez. Gorpua 19:00etan eraman dute.
Donostiako Udalak "zoritxarreko gertakaria" deitoratu du, agiri batean, eta senitartekoen esanetara jarri da.
Udaleko Larrialdi Zerbitzuak kasu hauetarako duen protokoloa abian jarri du, eta lur-jausiaren zergatiak zehazteko ikerketa bat martxan jarri du.
Argazkia: EFE
Bozeramaileen batzordea
Oposizioko taldeei ezbeharraren berri eman die Udaleko Gobernuak, eta bozeramaileen batzordea deitu du ostegun honetarako; 09:00etan hasiko da.
Josu Ruiz Garapen Ekonomikoko zinegotzia tokira bertaratu da; izan ere, Juan Karlos Izagirre alkatea Hiroshimara (Japonia) joan da Mayors for Peaceren (bakearen aldeko alkateak) zortzigarren biltzarrean parte hartzeko.
Nora Galparsoro Azpiegitura zinegotziak eta Nekane Burutaran Babes Zibileko zinegotziak Ruiz lagundu dute.