Gizartea -
Pertsonen salerosketa
Europara txinatarrak ekartzen zituen sare ilegala desegin du Poliziak
Polizia Nazionalak eta Frantziako Mugako Poliziak 75 lagun atxilotu ditu. Txinatarrak AEBetara eta Europara eramateko 50.000 euro inguru kobratzen zituen sareak.
Erredakzioa
Hiritar txinatarrak Europara eta AEBetara eraman ohi zituen sare ilegala desegin dute Espainiako Polizia Nazionalak eta Frantziako Mugako Poliziak. Guztira, 75 lagun atxilotu dituzte.
Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Espainian 51 lagun atxilotu dituzte, eta Frantzian, berriz, 24, horien artean, taldeko buruzagiak (Bartzelonan atxilotu dituzte).
Txinatarrak AEBetara eta Europara eramateko 40.000-50.000 euro kobratzen zituen sareak. Hiritar hauen helmugak Espainia, Frantzia, Grezia, Italia, Erresuma Batua, Irlanda eta Turkia ziren. Poliziak Taiwan, Korea, Malasia, Japonia, Hong Kong eta Singapur herrialdeetako 81 pasaporte faltsu atzeman ditu.
Ikerketak 2011ko ekainean hasi ziren. Txina utzi eta Europara edo AEBetara joateko asmoa zuten lagunak erakarri ohi zituzten sareko buruzagiek. Lagunak eramateko ibilbideak eta dokumentuak une oro aldatu ohi zituzten, aurreko bidaietako arrakastak edo porrotak kontuan hartuta.
Halaber, aireportuetako mugetan turistaren itxura emateko aholkuak ere ematen zizkieten. Espainiatik Europako beste herrialdeetara edo AEBetara eraman zituzten txinatar horiek.