Gizartea -
Gertakaria
Bi zauritu larri, Tarragonako piroteknia batean izandako leherketan
Leherketak sutea eragin du industria-nabe batean, eta suhiltzaileak bertan daude.
Erredakzioa
Bi lagun larri zauritu dira gaur goizean Pirogestion enpresan izandako leherketa baten ondorioz, Vila-rodonan (Tarragona), Generalitateko suhiltzaileek jakitera eman dutenez.
Zaurituak, pirotekniako langileak, Pius de Vallseko ospitalera eraman dituzte hasieran, baina gero helikopteroz Vall d´Hebroneko ospitalean ingresatu dituzte, erredurak sendatzeko unitate berezia baitago bertan.
Leherketak sutea eragin du industria-nabe batean, eta suhiltzaileak bertan daude. Enpresa pabilioi desberdinetan dago antolatuta, eta sua ez da zabaldu.
Babes Zibilak Kataluniako Sektore Kimikoaren Larrialdi Plana jarri du abian, eta inguruko udalerriei eman die abisua, larrialdi egoeraren berri izan dezaten.
Hala ere, istripuak ez ditu arriskuan jarri ondoko herriak, enpresa nahiko isolatuta baitago, legediak hala eskatzen duelako; baina bertara iristen den errepidea itxi egin dute, larrialdi zerbitzuek lan egin dezaten.
Babes Zibilak sutearen eragin eremura ez gerturatzea aholkatu die haurrei, agureei eta arnas aparailuko arazoak dituzten pertsonei.