Gizartea -

EITB.COM-eko erreportajea

Amalurra, elkarbizitzarako alternatiba?

Artzentalesen duela 20 urte komunitatean bizitzeko sortu zuten zentroan izan gara. 90eko harmarkadan sortu zen; gaur egun 100 familia daude proiektu horretan bilduta.

Amalurra komunitatea eta hotela kokatuta dagoen eremua. Argazkia: EITB.COM
Amalurra komunitatea eta hotela kokatuta dagoen eremua. Argazkia: EITB.COM
Amalurra komunitatea eta hotela kokatuta dagoen eremua. Argazkia: EITB.COM

EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amalurra elkartasuneko egitasmo bat da, eta 90eko hamarkadaren hasieran jaio zen "elkarbizitzako eta batasuneko amets gisa". Egun, Artzentales (Bizkaia), Caparacena (Granada) eta Can Cases (Barcelona) udalerrietan dauden asmodun elkarteek osatzen dute, eta, helduak eta umeak hartuta, guztira 100 bat lagun ditu.

1992. eta 1993. urteen artean, Irene Goikoleak emakume-bilguneak osatzeko ekimen bat bultzatu zuen, "patriarkatuaren etikak azpiratua zuen alderdi eme sakratuaren sentitzeko gaitasuna iratzartzeko", horren esanetan. Hala, 16 emakume batu ziren lehenengo taldean. Ondoren, gizonezkoei ateak ireki zizkieten, "horietako askok bikotekideak edo lagunak ziren"; eta, azkenean, bilgune mistoak sortu zituzten.

Goikolearen arabera, ekimen hori berez ez zen komunitate bat sortzea, "alde femeninoa piztu nahi genuen, geure burua sakonago ezagutu". Eta, elkartrukearen eta ezagutzaren bide horretan, "60ko hamarkadan izan genuen nahia bultzatu genuen: komunitatean eta naturan bizitzea", gaineratu du.

Hala, 1994an, horiek guztiek aurrera egitea erabaki eta Artzentalesen 8 urte baino gehiago hutsik zeramatzaten lursail batzuk erostea erabaki zuten. Eremu hori Familia Santuaren Kongregazioarena izan zen, eta apaiztegia osatzen zuten eraikinak erortzear zeuden. Komunitatea martxan jarri zen, iraganean "ametsa" izan zena gauzatzeko. Hala, inguru osoa hartuta zuten sasi guztiak kendu, tokiko landareak berreskuratu eta eraikin zaharrak erreformatu zituzten, horietan bizi ahal izateko.

Gaur egun, banakako etxebizitza horiez gain, kanpoko gune zabalak eta ostalaritza gune bat daude bertan. Komunitatea osatzen duten kideen arabera, "hotel bat baino gehiago" eskaintzen dute; "gune politak ditugu, erretiratzeko, atseden hartzeko eta gogoeta egiteko", Goikoleak gaineratu duenez. Vicente Sanz madrildarra hiru urtez jarraian izan da bertan, izan ere, "toki bizia da, indar pertsonal handia du", horren ustez. Halaber, Amparo Fernandez Granadako Amalurrako kidearen arabera, "elkarbizitzarako alternatiba baten eredua" eskaintzen dute.

TAILERRAK, IKASTAROAK ETA HITZALDIAK

Tokiaz gain, tailerrak, ikastaroak eta hitzaldiak eskaintzen ditu Amalurrak. Horretarako, besteak beste, gela egokituak, tipi bat, Chartreseko katedralaren labirintoaren erreplika bat eta temazcal bat (Erdialdeko eta Ipar Amerikako kultura batzuetan erabiltzen duten baporezko bainua) dituzte.

Amalurra, Artzentales, EITB

Gainera, azken hiru urteotan, udan, "Experience Week" egitasmoa antolatu dute: 15 eta 30 urte arteko gazteak zazpi egunez elkarbizitzan bizitzeko eta "gozatzeko, komunitatean bizitzeko eta auzolanetan laguntzeko". Hala, aurten 30 bat lagunek parte hartu dute aipatu ekimenean.

Astebete irauten duen horretan izan den partaideetako baten hitzetan, esperientzia hori "egunerokotasunetik ihes egiteko baliagarria da", eta "munduari laguntzeko bestelako bizimodu bat" erakusten dietela azaldu du horren koordinatzaileak.

POLEMIKA

Horren ibilbidea hasi eta hiru hilabetera, sekta suntsigarritzat hartu zuten. Hala ere, Goikolearen arabera, "gure emozioak ikertzen eta maila emozionaleko gaitasuna sortzen saiatu ginen, ez besterik, horrek guztiak harremanetan eta osasunean eragin ugari dituela jakinda ere".

Hala, talde horretako kideek "aldaketa batzuk" jasan zituzten. "Eta horren eraginez gure inguruko jendea harritu zen", esan du komunitateko sustatzaileak. 1993an Ameriketako indigena batzuk gonbidatu zituzten haien tradizioak ezagutzeko, eta peiotea elementu nagusi moduan erabiltzen duten hainbat zeremonia sendagarri egin zituzten, horren esanetan. "Horrek guztiak ezezaguna denaren aurrean izua eragin zuen, eta, ekimen hauek oinarri hartuta, Fiskaltzak droga-trafikoa egotzita salatu gintuen. Nik ez nuen kontzientzia izan hori guztia droga zela pentsatzeko. Horren ordez, bihotzeko sendagarria zelakoan nengoen, indigenek esaten zuten bezala", azaldu du. Horren harira, lehenengo gatazka hori sortu zen, "ez zen hori guztia ulertu, eta gure izen ona belzteko erabili zuten".

Amalur komunitateko Paula Maellaren arabera, 2007ko irailean, NBE Batzar Nagusiak "Herrialde Indigenen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Deklarazioa" onartu zuen, eta 24 artikuluak zehazten du: "Herri indigenek sendagai propioak erabiltzeko eta osasun praktikak mantentzeko eskubidea dute. Baita landare sendagarriak, animaliak eta mineralak mantentzeko ere (...)"

Hedabideetan jarraipen zabala izan zuen auzi horrek. Hala ere, artxibatu egin zuten, "baina albiste horrek ez zuen aurrekoek izan zuten inpaktu bera izan. Hori dela eta, nahiz eta dena argitu den, jendeak ez du horren berri jaso", azaldu du Maellak.

Horien ustez, mundu osoa kontra izan dute luzaroan, "argitaratzen den guztiak eragin handia baitu, eta jendeak sinetsi egiten baitu. Ondorioz, jendea gutaz zalantza egiten hasi zen", esan du Goikoleak. "Sekta bihurtu gaituzte, eta ez gara, bizitza arrunta duen jendea baikara. Ireki nahi izan dugu, jendearengana joan eta gertatzen zaiguna azaldu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea