Gizartea -

LEGE PROIEKTUA

Nafarroan 'fracking'ari ateak ixteko lehen pausoa eman du Parlamentuak

"Foru Erkidego osoan haustura hidrauliko edo fracking-a debekatzea" helburu duen lege proiektua Osoko Bilkurak onartu behar du orain.

Nafarroan 'fracking'ari ezezkoa eman dio Parlamentuak

1:09

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak haustura hidrauliko edo fracking-a lurzorutik gas ez-konbentzionala ateratzeko teknika gisa foru lurralde osoan debekatzeko balizko lege batekin lotutako irizpena onartu du gaur. UPN abstenitu egin da, eta PPk kontrako botoa eman du, bozketan.

Irizpena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordean onartu dute, PSN/PSOE (alderdi honek bultzatu du legea), Bildu, NaBai eta Ezkerra taldeen aldeko botoen ondorioz.

Lege proiektua Osoko Bilkurak berretsi beharko du orain, eta "Foru Erkidego osoan haustura hidrauliko edo fracking-a debekatzea" da haren helburua. Gehigarri kimikodun ur bolumen handiak injektatuz eskisto-gasa edo gas ez-kobentzionala ateratzean datza teknika hori.

Teknika hori erabiltzen duenak "hirigintza arauak hautsiko ditu", Nafarroako Lurralde Antolamendu eta Nafarroako Lurraren Hirigintza Erregimenaren 35/2002 Foru Legeak, abenduaren 20koak, dioenaren arabera.

Gainera, legeak dagoeneko "esleituta edo bideratuta" dauden baimenei ere eragingo die. Parlamentutik jakinarazi dutenez, onarpen egunaren biharamunean jarriko lukete indarrean legea.

In voce zuzenketa gisa, aldaketa bat sartu dute testuan, eta, horren arabera, hauek hartuko dituzte hidrokarburo ez-konbentzionaltzat: "Gas egoeran edo egoera likidoan egon, harri aman harrapatuta daudenak eta 1 milidarcytik beherako iragazkortasuna dutenak, baita ikatz edo harrikatz zainetik askatzeko gehigarri kimikodun ur bolumen handi baten presioa beharko luketenak".

Teknika honek "osasun eta ingurumen aldetik" zalantzak agertzen dituela aipatzen dute lege egitasmoaren idatzian, baita gizartean ezinegona zabaldu duela eta nekazaritzarako eta turismorako arriskutsua izan litekeela ere.

Bestalde, Gobernu Zentralak ere teknika honen kontrolari lotutako beste lege egitasmo bat bideratu du Gorteetan. Fracking-a erabiltzen den kasu guztietan, ingurumenean izango den eragina ebaluatu beharko da, eta, horretarako, prozesuak erraztu eta epeak murriztuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea