Gizartea -
Portugalete
8 hileko zigorra gizon bati, txakur bat kolpeka hiltzen saiatzeagatik
Erasotzaileak aitortu egin zuen, epailearen aurrean, animalia hil nahi zuela, "zaharra zelako eta koskor batzuk atera zitzaizkiolako".
Erredakzioa
Zortzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote gizonezko bati Portugaleten, animalien kontrako tratu txarrak leporatuta, iragan martxoan bere txakurra kolpeka hiltzen saiatzeagatik, herri-akusazio papera jokatu duen ATEA animalien eskubideen aldeko elkarteak jakitera eman duenez. Gizonezkoak aitortu egin zuen animalia hil nahi zuela, "zaharra zelako eta koskor batzuk atera zitzaizkiolako".
ATEA gustura agertu da ebazpenarekin, egungo araudiarekin eman zitekeen zigor gogorrena delako.
Azaldu dutenez, legediak zigorraren herena kentzea aurreikusten du, horregatik dira zortzi hilabete eta ez urtebete. Gainera, animaliekin salerosketak egiteko debekua 18 hilabetekoa izango da.
Epaiketan adostasunera iritsi dira akusazioa eta akusatua, ebazpena irmoa delarik. "Hemendik aurrera, erasotzaileak bitan pentsatuko du animaliaren bati min egin aurretik", gaineratu du ATEAk.
Goliath 10-13 urteko mastin txakurraren kasuak polemika handia piztu zuen iragan martxoan. Martxoaren 16an izan zen erasoa, Portugaleteko industrigune batean. Pertsona batek Ertzaintzari deitu zion gizonezko bat txakur bati burdinazko makil batekin jotzen ari zela ohartarazteko. Txakurrak lotuta zituen lau hankak eta soka bat zuen lepoan.
Txakurrari zauriak sendatu zizkioten eta familia berri bati eman zioten.