Gizartea -
GIZARTE LAGUNTZAK
Gizarte laguntzak "ordaintzeari utzi izana" egotzi dio EAJk Marotori
Eusko Jaurlaritzak horretara bideratzen duen dirua bukatu eta gero, EAJk eta PPk partida hori handitzea hitzartu zuten atzo, "kanpoko finantziaziorik ez baitago".
Erredakzioa
Gorka Urtaran EAJk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak "larritasunezko gizarte laguntzak ordaintzeari utzi izana" egotzi dio Javier Maroto alkateari. Laguntza horiek hartzen dituzten 3.000 familiei, zeharka, izapideak berriz hasteko agindu diela eta horrek zerbitzuan arazoak eragingo dituela ere uste du Urtaranek.
"Laguntzak ordaintzeari eta bideratzeari utzita, Marotok argi utzi du ez duela horretarako euro bat ere erabili nahi", Urtaranek esan duenez. Alkateari "berehala" atzera egiteko eskatu dio jarraian EAJren bozeramaileak.
Alkate popularrak "gizarte sentiberatasunik" ez duela eta behar gorrian dauden familien, etxegabetzeko arriskuan daudenen, aurkako kolpe latza jo duela esan du Urtaranek.
EAJren bozeramaileak (jeltzaleek eta PPk hiriko aurrekontuak hitzartu zituzten) azaldu duenez, erabaki horrekin Maroto asteartean bi alderdiek larrialdizko gizarte laguntzak ordaintzeko hitzartu zuten paktuari entzungor egiten ari zaio, eta horrek "konfiantza apurtzea" ekarriko du.
Orain, EAJren bozeramaileak aurreikusi duenez, gizarte laguntza horiek hartzen zituzten 3.000 familiek jasotzeari utziko diote, eta berriro eskatu beharko dituzte, alkatearen erabakiaren ondorioz. Berriz eskatu eta onartzen dituzten horiek abendutik aurrera hasiko dira ostera ere dirua kobratzen.
Gainera, Jaurlaritzak hausnarketa egin eta partida horretara diru gehiago bideratuko duen esperantza duela adierazi du Urtaranek, Eusko Jaurlaritzak baliabide gehiago jarriko ez dituela esan badu ere.