Gizartea -
DOAN OSTATU HARTZEKO MODUAK
Ostatu hartzearen truke ordaintzea: antzinako kontua?
Mundua tai gabe aldatzen da, eta harekin batera aldatzen dira gure ohiturak. Posible da egun zentimorik gastatu gabe han-hor-hemen ostatu hartzea? Bai, eta gero eta bide gehiago daude horretarako.
Natxo Velez | eitb.com
Zenbat-gura aukera daude gaur egun, bidaiatzeko: Parisko operara joan eta bost izarreko hotel batean ostatu hartzea ez da plan makala; Manhattanera helikopteroz heldu, Columbus Circleko jatetxe garesti batean afaldu eta afalostea eta lotarako tartea 5. Etorbideko loft alokatu batean igarotzea izango da, akaso, bat edo besteren ametsa, edo, batek daki, Londresera bostetako tea hartzeko heldu eta Ritz hotelean ostatu hartzeko apeta izango dute zenbaitek.
Nolanahi ere, plan horiek ez dute zertan guztion gustukoak izan, eta, argi eta garbi, ez daude guztion eskura, bidaiatzeko irrika asetzeko oztopo handiena izan ohi denaren, diru faltaren, aurka estropezu egingo baitu bidaztigai ameslari batek baino gehiagok proposamen horien aurrean. Gaur egun, hala ere, garraioa ordaintzeko aukera eskuragarriagoak daude, besteak beste hegaldi merkeetako konpainiei esker, halakoetan bidaiari altuen eta eserleku arteko tarte txikiaren artean izaten diren borroka gupidagabeak gorabehera. Halaber, merke antzean, edo, are gehiago, doan, ostatu hartzeko gero eta aukera gehiago daude gaur egun. Jarraian, haiei begiratuko diegu, eta hedatuen daudenak erakutsiko dizkizuegu.
Etxetik kanpo debalde lo egiteko modurik errazena bidaia bera baliatzea da; hots, garraiobidean bertan (trena, autobusa...) kuluxka bat egin edo aireportuetan-edo lo egitea, baina horiek ez dira aukera erakargarrienak beharbada, eta hobe da ostatu hartzeko baliabide antolatuagoetara jotzea, gehienetan Interneti esker. Aukera hauek daude:
Lanaren truke ostatu hartu
Baliabidetan urri ibili arren ere, beti geldituko zaigu apopilo gelditzeko gure lan indarra ematea. Ohitura hedatua da oso, eta asko erabiltzen da, esaterako, gazteentzako aterpetxeetan egonaldiak egiteko. Egunero aterpetxea txukundu eta garbitzearen truke, ohea eta otorduak jarri ohi dituzte jabeek maizter-langileen eskura, horrelako tokietan.
Aitziber gazte barakaldarrak kontatu digunez, horrela moldatu zen bera Byron Bayn (Australia) bizibidea ateratzeko: "Aukera ederra iruditu zitzaidan. Goizean ordu pare batez lan egin, eta oinarrizko beharrizanak aseta izaten nituen. Gainera, horrelako toki batean nahi adina denbora egon ahal izateak ate asko zabaltzen dizkizu, handik pasatzen den jende pilo bat ezagutzen duzulako. Gomendagarria da oso", kontatu digu.
Lanaren truke ostatu hartu eta munduko bazterrak ezagutzeko beste bide bat WWOOFera (World Wide Opportunities on Organic Farms) edo ber gisako elkarteetara jotzea da. Nekazaritza iraunkor eta ekologikoaren aldeko elkarte honek, esaterako, langile boluntarioak eta sailetan horrelako jendea behar duten nekazariak jartzen ditu harremanetan.
Abegi sareak
Azkenaldian, oso modan daude ezezagunei etxean doan tokia egiten dieten pertsonen sareak. Erabiltzaileek webgune jakin batean (Couchsurfing eta Hospitality Club dira ezagunenak) izena eman behar dute, beste norbaiten etxean lo egiteko tokia eskatu edo berea eskaintzeko. Funtsean, beraz, nork bere etxean ezezagun bati egonaldi laburretarako ohe edo, gutxienez ere, sofa bat uztean datza zerbitzua.
Dena dela, erabiltzaileek nabarmentzen dutenez, ostaturako sosak aurrezteaz haraindi doa zerbitzu honen balioa, filosofia jakin bat du atzetik; izan ere, beste bidaiariei abegi ona ematea eskatzen da: hiria erakutsi, jarraibideak eman... Gainera, erabiltzaile bakoitza balioztatzeko, maizter zein anfitrioi atsegina izan den esateko, sistema bat du orriak; horren bidez, zure etxean gelditzeko interesa agertu dizun horri buruz edo bere etxea eskaini dizun hari buruz gainerako erabiltzaileek zer uste duten jakin ahal da, harekin gustura egongo ote zaren, aukera ona egitera zoazen, jakiteko.
Bestalde, sare orokor hauez gain, badaude abegi sare espezializatuagoak ere. Warm Showers, berbarako, txirrindulariei eskainita dago. Lo egiteko tokia eman eta atseden hartzen dutenerako konpainia eskaintzen diote bizikletaz harat-honat ibiltzen diren erabiltzaileek elkarri, topagune birtual honen bidez.
Etxea zaindu
Etxea hutsik uzteak ekartzen dituen buruhausteen jakitun (lapurretetarako arriskua, landareak edo etxe abereak bakarrik utzi beharra...), oporrak, lana edo beste ezer dela eta epe jakin batez etxetik kanpo egon behar duten hainbat pertsonak nahiago izaten dute ezezagun bati etxea zaintzeko ardura eta, trukean, ostatua doan eman. Eta horretarako ere sare sozial espezializatuak erabiltzen dituzte. Jabeak lasaiago ekiten dio bere "erbestealdiari", eta bidaiariak, trukean, lotarako tokia lortzen du, debalde, aukeratu duen hirian.
Etxeak elkartrukatu
Azkenik, dirua ahaztuta ezezagun batekin etxea epe jakin baterako elkartrukatzea eskaintzen duten sare sozialak daude (Intercambio Casas, Home for Home, Love Home Swap). Horietan, erabiltzaile bakoitzak bere etxea aukera guztien zerrendari gehitu behar dio. Behin hori eginda, bisitatu nahi duen tokian etxea eskaintzen duten erabiltzaileekin harremanetan jarriko da, haiekin elkartrukearen ezaugarriak zehazteko: bakoitzaren egonaldiak noiz izango diren... Hori bai, dirua ez dute hizpide hartuko elkarrizketa horietan, baldintza bakarra tartean dirurik ez izatea baita.
Aukera batzuk besterik ez dira hemen aipatutakoak gaur egun gehien erabiltzen direnak, baina litekeena da bidaiatzea luxua soilik ez bihurtzeko lasterketa honetan bide gehiago zabaltzea aurki; izan ere, esan bezala, mundua ezinbestean ari da aldatzen, tai gabe. Hala ere, inoiz baino eskurago dago aldaketa horiek nonahi bertatik bertara ikusteko aukera. Ostatua ordaintzeko aurrezkiak lortzeko arazoaren konponbidea, behintzat, sagu kolpe bakarrera daukagu.