Gizartea -

2013/2014 ikasturtea hasi da

D eredua, gero eta ikasle gehiagoren aukera euskal eskoletan

3 eta 5 urte arteko umeen artean, bereziki azpimarragarria da datua: horien % 75ek ikasiko dute euskaraz soilik.

Euskal ikasleen % 50ek baino gehiagok eskola publikoetan ikasiko dute. EiTB.
Euskal ikasleen % 50ek baino gehiagok eskola publikoetan ikasiko dute. EiTB.
364.090 ikaslek hasi dituzte gaur klaseak

3:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

364.090 ikaslek gaur hasi dute 2013/2014 ikasturtea Euskadiko ikastetxeetan. Erdiek baino gehiagok (% 50,9) eskola publikoetan ikasiko dute, eta % 65ek D ereduan. Iaz % 61,4k ikasi zuten euskaraz soilik.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak abiatu du ikasturtea, Gasteizen, Umandi Ikastola Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zentrora bisita eginez.

Hezkuntza sarea aukeratzeko orduari dagokionez, oreka da nagusi sare publikoaren (% 50,9) eta pribatuaren (% 49,1) artean. Iazko datuekin alderatuta, halere, sare publikoaren erabiltzaileen kopurua igo egin da.

Hizkuntza ereduei dagokienez, D ereduaren goranzko joera ez da eten; ohi denez, aurreko urtean baino ikasle gehiagok hautatu dute euskaraz soilik ikastea. Hiru lurraldeetan hazi da, gainera, aukera hori, baita hezkuntza ziklo guztietan ere, Lanbide Heziketa barne. Nolanahi ere, datu esanguratsuena 3 eta 5 urte arteko haurrei dagokiena da: % 75ek hautatu dute D eredua.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren aburuz, ikasleek "elebitasun erreala" lor dezaten, A ereduan (dena gaztelaniaz) euskararen irakaskuntzan sakondu behar da, eta hezkuntza sisteman hirugarren eta, are, laugarren hizkuntza bat ezartzeko erronka jarri dio bere buruari hurrengo urteetarako.

Ikasturte honetan, gainera, DBHko 13 zentrok Hauspoa proiektu pilotuan parte hartuko dute. Eskola horietan ikasleen denbora beste era batera banatzea eta berrikuntza horiek balioztatzea da asmoa, gazteen autonomia handituta kalitatea bultzatzeko eta ikasleek ikas-denboratik kanpoko jardueretan parte-hartzea handiagoa izan dezaten.

Halaber, hasi berri den ikasturterako, koedukazioan eta emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko helburuan oinarritutako hezkuntza proiektuak egiteko deialdi bat prestatu dute, 50 eskola publikorentzat, eta, gainera, eskola publikoak bakerako eta elkarbizitzarako ekarpenak adosteko lanari eutsiko dio beste behin ere, Bake eta Bizikidetza Planak zehaztutako ildoari jarraituta.

2013/2014 ikasturtean, gainera, 110 irakasle gehiago egongo dira zentro publikoetan.

Aurten ere, Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek Testuliburuak Kudeatzeko Programa Solidariora jo ahal izango dute. 81.682 ikaslek eman dute izena programa horretan kurtso honetarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea