Gizartea -
Hondarribiko alardea
Alardean plastiko beltzik ez jartzeko eskatu du Segurtasun sailak
Plastiko beltzik ez ateratzeko eskatu dio Jaularitzak alarde tradizionalari, eta desfilea manifestazio itxuran ez egitea alarde parekideari.
Erredakzioa
Urtero bi alardeen desfileak arautzeko egin behar izaten duen ebazpenaren bidez egin du eskaera Jaurlaritzak. Eta aurtengo ebazpenak berritasun bat baino gehiago dakar. "Gertakizun historiko bat adierazten duen desfilea" izatea eta "emakumearen presentzia eta integrazio aktiboa duen alarde publikoa errebindikatzea", aitortu dio alarde parekideari.
Halaber, Segurtasun Sailak alde biei aitortu die alardea ospatzeko "funtsezko eskubidea" dutela, Ikuskizun Publikoei buruzko Legean oinarrituta.
Bestalde, bi alardeen ordutegiak eta ibilbideak zehaztu ditu Jaurlaritzak. Jaizkibel Konpainia, alegia, alarde mixtoa, goizeko 08:25ean abiatuko da Zumarditik. Eusko Jaurlaritzatik desfilea ez dezatela manifestazio itxuran egin eskatu diete antolatzaileei. Aurretik, Jaizkibelgo kideek adierazia zuten, aurten pankartarik gabe aterako direla, beste konpainien moduan desfilatzera.
Bestalde, alarde tradizionala goizeko bederatziak bost gutxiagotan aterako da. Azken horiei, plastiko beltzik ez jartzeko eskatu diete Segurtasun sailak; emakumeak alardean soldadu gisa parte hartzearen kontra daudenek, plastiko beltza jarri izan ohi dute kale nagusian.
Batzuei eta besteei, elkarrekin bizitzeko eta toleranteak izateko borondatea ager dezatela eskatu diete.
Bien bitartean, Gipuzkoako Aldundiak, Emakundek eta Arartekoak babesa agertu diete Jaizkibel konpainiako kideei eta bihar Hondarribian izango dira.