Gizartea -
Doako unitate didaktikoak
Elkarlanean sortutako testuliburuak, Sarean, doan, Alemanian
Urteak joan urteak etorri testuliburuei eskatzen zietena ez aurkitzeaz nekatuta, biologo eta informatikari alemaniar batzuek eskolako materiala aberasteko eta hobetzeko erreminta bat landu dute.
Erredakzioa
Egunotan hasten ari den ikasturte honetarako, alemaniar irakasleek beste erreminta bat izango dute eskura, doan, ikasleentzako material didaktikoa hobetzeko. Lankidetzan oinarritutako filosofia du atzetik proiektuak, eta irakasle bakoitzak egiten duen lana denon eskura jartzea da helburua, baita edukiok noiznahi zuzendu eta gaurkotu ahal izatea ere.
Hans Wedeing informatikariak eta Heiko Przyhodink Biologiako irakasleak Schubulch-O-Mat sortu dute, Sareko testuliburu kolektiboa. Horretan, irakasleek komunitate osoaren eskura jarri ahal dute beren material didaktikoa, eta, hala, ikasleentzako baliabideak hobetu.
Ohiko testuliburuei eskatzen zietena ez aurkitzeaz nekatuta, bi ekintzaile aleman hauek ideia bat izan zuten: irakasle bakoitzak material didaktikoa bere ikasleentzat egokitzeko prestatzen zuen materialak erakusleiho handiagoa behar zuen, eta hori lortzeko sistema bat asmatu behar zen. Przyhodink irakasleak, berbarako, Biologiako liburuetatik ariketa orokorrak hartu eta ikasleen ekosistemara egokitzen zituen, beraiei hurbiltzeko, baina, haren ustez, lan hori ez zen bere ikasgelan bakarrik gelditu behar.
Orain, material hori guztia hedatzeko, Schubulch-O-Mat du eskura, bere lankidearekin batera sortutako liburutegi libre eta doakoa. Unitate didaktikoen edukiontzi erraldoia eraikitzeko dirua crowfunding bidez lortu dute, eta sorkuntzak ez du mugarik: irakasle alemanek zenbat-gura aukera dituzte berari esker; izan ere, Wikipedia entziklopedian bezalatsu, edukiak nahi bezala erabili eta editatu ahal dira, Creative Commons lizentzia baitute. Hartara, sortzaileen hitzetan, "egileek denon eskura jartzen dituzte beren lana; ez da inoren jabetza intelektuala urratzen".
Gainera, produktu multimedia izanik, helburu duten euskarrien aukera guztiak erabiltzen ditu. Ondorioz, testu idatziak baino gehiago, bideo didaktikoak eta grafikoak kontsultatzen dira.
Sarean, beste hainbat aukera daude unitate didaktikoak doan eskuratzeko, hala nola Wikiliburuak.