Gizartea -

GALDEKETA BATEN EMAITZAK

Gizonezkoen % 40k emakumeren bat bortxatu izana aitortu dute, Asian

Asiako sei herrialdetako gizonen % 6-8k bikotekide ez zuten emakume bat bortxatu dute, adituek egindako inkesta batek erakutsi duenez. Galderan bikotekidea sartu zutenean, % 30-57raino igo zen datua.

Bortxaketen aurkako protesta bat, Indian.
Bortxaketen aurkako protesta bat, Indian.
Bortxaketen aurkako protesta bat, Indian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asiako sei herrialdetako gizonezkoen ia hamarren batek bere bikotekidea ez zen emakumezko bat inoiz bortxatu izana aitortu dute, indarkeria sexualaren gainean Bangladesh, Txina, Kanbodia, Indonesia, Sri Lanka eta Papua Ginea Berria Asiako herrialdeetan egindako galdeketa baten arabera. Galderan beraien emaztea edo neska-laguna sartu zutenean, % 40 baino gehiagora igo zen inoiz emakume bat sexu-harremanak izatera behartu izana aitortu zutenen ehunekoa.

Nazioarteko hainbat adituren ustez, datu ikaragarriok hausnarketa bat ekarri behar dute: emakumezkoen aurkako indarkeria uste baino orokorragoa den jakitun, horri aurre egiteko kanpainak abiatu behar dira.

Ikerketa egin dutenen hitzetan, jarrera sexistak errotuta egoteak lagundu egiten du, noski, baina beste arrazoi batzuk, txirotasuna edo umeen aurkako tratu txar fisiko zein emozionalak kasu, gizonezkoen indarkeria eragiten duten arrisku faktoreak dira.

Munduko Osasun Erakundeak aurretik egin zuen ikerlan baten arabera, mundu osoko emakumeen heren batek etxeko indarkeria edo sexu indarkeria jasan zutela esan zuten.

"Argi dago emakumeen aurkako indarkeria uste genuen baino hedatuago dagoela herritarrengan", Rachel Jewkes Ikerketa Medikoen Hegoafrikako Batzordeko kideak, ikerketaren zuzendariak, esan zuenez. Dokumentuok "Lancet Global Health" aldizkariak argitaratu zituen, Interneten.

Ikerketa berriago hau egiteko, 10.000 gizoni egin zizkieten galderak, Bangladeshen, Txinan, Kanbodian, Indonesian, Sri Lankan eta Papua Ginea Berrian.

Galderetan, inoiz hala nahi ez zuen emakumezko bat sexu-harremanak izatera behartu ote duten galdetu zieten parte-hartzaileei, edo inoiz mozkorregi edo drogatuta zegoen inor harreman sexualak izatera derrigortu ote zuten.

Toki gehienetan, gizonezkoen % 6-8k bere bikotekidea ez zen emakumezko bat bortxatu zutela ondorioztatu zuten ikertzaileek. Halaber, galderan beraien emaztea edo neska-laguna ere sartu zutenean, % 30 eta % 57 artekoak izan ziren datu horiek. Bangladeshen eta Indonesian jaso zituzten daturik baxuenak; altuenak, berriz, Papua Ginea Berrian.

Emakumezkoak sexu-harremanak izatera behartu izana aitortu zutenen % 70ek "eskubide sexuala" zutelako egin zutela esan zuten. Ia % 60k aspertuta edo jostatzeko gogoz zeudela esan zuten, eta % 40k haserre zeudela eta emakumezkoa zigortu nahi zutela argudiatu zuten. Gizonezkoen erdiek bakarrik adierazi zuten beren burua erruduntzat zutela, eta % 23 bakarrik kartzelatu dituzte inoiz, bortxaketa egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea