Gizartea -
Euskararen sustapena
Euskararen 'bizindarra' jokoan dagoela ohartarazi du Jaurlaritzak
Euskadi "elebitasun orekatu" lortzetik hurrun dagoela azpimarratu du Patxi Baztarrikak Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren aurkezpenean.
Erredakzioa
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuodeak Euskadi "elebitasun orekatua" lortzetik hurrun dagoela adierazi du, eta gaineatu du jokoan dagoela "euskararen bizindarra". Datozen "bi edo hiru belaunaldietarako biziraupena", ordea, bermatuta dagoela baieztatu du.
Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek Baztarrikak, batzordean bozkatu aurretik. EAJ eta PSE alderdiek babesa eman diote planari, PPk "ikuspuntu kritiko batetik babestu" du, EH Bilduren aburuz, "planak gabeziak" ditu eta UPyD aurka agertu da. Talde guztiek ebazpenak aurkeztuko dituztela iragarri dute.
Euskarari prestigioa eman
"Euskararen biziraupena bermatuta dago datozen bi edo hiru belaunaldietan, ezin da gauza bera esan, ordea euskararen bizindarrari buruz", adierazi du Baztarrikak. Azaldu duenez, "euskara bigarren edo hirugarren mailako hizkuntza izatea ekidin nahi da".
Egunerokotasunean euskararen erabilerari prestigioa eman behar zaiola gaineratu du sailburuordeak. Planak jasotzen duenez, hizkuntza eskubideen tratamenduan malgutasunez jokatuko da, euskararen egoera ez baita berdina lurralde guztietan.
Euskara "liskar politikoetatik" babestea ere eskatu du Baztarrikak, eta hizkuntza "ez inposatzeak" duen garrantzia azpimarratu du.
Planaren ildo nagusiak
Aurreko gobernua onartu zuen Euskararen Plana Euskararen Aholku Batzordearen babesarekin. Legebiltzarrera 2012ko abuztuan heldu zen, baina gobernua aldatu zenean haren izapidetza gelditu egin zen.
14 ekintza-lerro, 99 neurri, 353 ekintza eta 140 adierazle jasotzen ditu planak. Guztiek ere, euskararen erabilera "zabaltzeko eta indartzeko" helburua dute.
Belaunaldi berrien artean euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea, familia bidezko trasmisioa, kultura euskara bidez kontsumitzea edo euskara etorkinei gerturatzea dira planak jasotzen dituen ekintzetako batzuk. Baztarrikak adierazi duenez, "honen guztiaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoan elebitasun orekatu bat lortzea da".