Gizartea -
Sexu erasoa
Bikotekidearen bilobari sexu erasoa egiteagatik atxilotu dute Bilbon
64 urteko gizonezkoa Salamacan bizi zen bikotekidearekin eta Bilbora ihes egin zuen gertakaria jakin zenean.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak 64 urteko gizonezkoa atxilotu du Bilbon ustez bere bikotekidearen bost urteko bilobari sexu erasoa egiteagatik. Gizonezkoa, jatorriz Bilbokoa izan arren, Salamancan bizi zen bikotekidearekin.
Poliziak jakitera eman duenez, erasoa haurraren aitaren aldeko amona eta atxilotua bizi ziren etxean gertatu zen, Salamancako Torres Villarroel pasealekuan dagoen etxebizitzan.
Ikerketa gau horretan bertan hasi zuen poliziak. Gaueko hamaiketan, Salamancako erietxeko forentseak poliziari deitu zuen sexu erasoa jasan zuen haur bat zegoelako bertan.
Ikerketen arabera, gertaeraren berri arratsaldean izan zuen familiak. Amaren aldeko amona haurra bainatzen ari zen oheratu aurretik eta sexu-organuak gorrituta zituela ikusi zuen. Haurrari galdetu zionean, amonaren bikoteak egindako ukitzeen ondorio zirela erantzun zion. Gaineratu zion, beste batzuetan ere ukitu izan zuela. Amonak gurasoekin hitz egin eta haurra erietxera eraman zuten aztertu zezaten.
Antza, gertaeren berri izan zuenean, ustezko erasotzaileak Bilbora ihes egin zuen, bertakoa baita. Hainbat ikerketen ondoren, igandean atxilotu zuen poliziak gizonezkoa.