Gizartea -
2013-2014 ikasturtea
Urkullu: 'Ezin daiteke euskal gazteen ezagutza xahutu'
Mondragon Unibertsitatearen 2013-2014 ikasturtearen hasiera ekitaldian parte hartu du lehendakariak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Mondragon Unibertsitatearen 2013-2014 ikasturtearen hasiera ekitaldian parte hartu du. Urkulluk jakitera eman duenez, datozen lau urteetan Eusko Jaurlaritzak lan egiteko lehen aukera eskainiko die unibertsitate ikasketak edo Lanbide Heziketako ikasketak amaitu dituzten 20.000 gazteri. Lehendakariaren aburuz, "ezin daiteke ezagutza hori guztia xahutu".
"Lehen aukera" programari aipamena egin dio Urkulluk hitzaldian. Programa horren bidez, gazteek ordaindutako praktikak egiteko aukera dute. Guztira 20.000 gaztek parte hartu ahal izango dute ekimenean.
"Herrialde txikia gara. Ez dugu baliabide natural handirik. Pertsonak bakarrik ditugu. Beraiek dira gure lehengai nagusia eta egun, ikasketak amaitzen dituzten gazte askok ez dute lanik aurkitzen", aipatu du lehendakariak. "Euskadik ezin du gazte horien ezagutza xahutu", gaineratu du.
Ezagutzaren transferentziak bi modutan gauzatu daitezkeela aipatu du Urkulluk. "Ikerkerta bidez egin daiteke, baina baita gero eta modu hobean prestatuta dauden eta gero eta ezagutza handiagoak dituzten gazte horiek lan munduan barneratzen ere", esan du.
Ikasturte honetan datozen lau urteetarako Unibertsitate Plana berrituko dutela ere iragarri du lehendakariak.
Eskoriatzan egin den hasierako ekitaldian Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta erakundeetako eta politika arloko ordezkariek ere parte hartu dute.
Mondragon Unibertsitatea
Iosu Zabala MUko errektoreak, bestalde, unibertsitateak euskal gizartean duen paper berritzailea azpimarratu du. Gizarte eta enpresen eskaerari erantzuteko unibertsitateak duen konpromisoa ere azpimarratu du.
Aurten 15 gradu-titulu eskainiko ditu Mondragon Unibertsitateak. Horietako batzuk, errektoreak esan duenez, aintziariak eta erreferenteak dira. Horrez gain, hamahiru master eta 30 ikasketa baino gehiago ere eskainiko ditu unibertsiteak.