Gizartea -

Zigor Kode berria

Biziarteko kartzela berrikusgarria ezarriko dute 'hilketa larrientzat'

Ministroen Kontseiluak Zigor Kodearen erreforma onartuko du gaur. Egitasmoak biziarteko kartzela berrikusgarria aurreikusten du terroristentzat eta hilketa “larrientzat”.

Zigor Kode berria onartuko dute gaur. EFE.
Zigor Kode berria onartuko dute gaur. EFE.
Gobernuak biziarteko kartzela-zigorra onartu du zigor kode berrian

1:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministroen Kontseiluak Zigor Kodearen erreforma onartuko du gaur. Egitasmoak biziarteko kartzela berrikusgarria aurreikusten du terroristentzat eta “hilketa larrientzat”, eta zigor handiagoak ustelkeriari aurre egiteko.

Iazko urrian, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak Zigor Kodearen erreformaren lege-aurreproiektua aurkeztu zuen Ministroen Kontseilura. Gaur, lege proiektua onartuko dute, eta hauek izango dira berritasun nagusiak:

 

 

Kodearen nobedadeak

1.- Biziarteko kartzela berrikusgarria: Estatu Kontseiluak neurria bermatu du, presoaren birgizarteratzea oztopatzen ez duela ulertuta. Presoak gizarteratuta dagoela frogatzen badu, askatasuna lor dezake, baina presoak 25 eta 35 urte bitartean egon beharko du kartzelan, gutxienez. Hilketa terrorista, magnizidio, genozidio eta 16 urtetik beherakoen hilketen kasuan aplikatuko da. Askatasun sexualen aurkako delituetan edota serieko hiltzaileen kasuan ere indarrean egongo da.

2.- Bestalde, Interneten egile eskubideak urratzen dituzten webguneen arduradunentzat sei urte arteko espetxe-zigorrak ezarriko ditu Espainiako Gobernuak. Horrez gain, epaileak web orria ixtea agindu dezake, Estatu Kontseiluak aurkeztutako zirriborroaren arabera.

3.- Ustelkeria: Zigor Kodeak ustelkeriaren aurkako neurri gogorragoak aurreikusten ditu. Alderdien legez kanpoko finantziazioa ez du aipatzen; bai, ordea, fondo publikoak bidegabe erabiltzeagatik aurreikusitako delituak edota eroskeria zigortzeko neurriak.

4.- Baimendutako sexu harremanak. Baimendutako sexu harremanak izateko gutxieneko adina 13 urtetik 16ra igoko du lege-proiektuak, Nazio Batuen Erakundearen gomendioei eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenari jarraiki. Europako gainerako herrialdeekin alderatuta, Espainiak adin “txikiegia” zuen. Izan ere, 15 eta 16 urte artean dute ezarrita munduko estatu gehienek.

5.- Irudi intimoen bideoak: Behartutako ezkontzak egiteagatik hiru urte arteko kartzela zigorra ezarri ahalko da. Horrez gain, baimen gabe irudi intimoen bideo edo irudiak zabaltzea, grabatzea edota kontrol telematikodun gailuak manipulatzea delitu izango dira aurrerantzean.

6.- Gutxiengoen kontrako gorrotoa sustatzea: Honakoak zigortuta egongo dira hemendik aurrera: Gutxiengo sozial jakin batzuen kontrako gorrotoa edo indarkeria sustatzen duen materiala ekoiztea, eta genozidioa ukatzea, goratzea edo “arinkeriaz hartzea”. Inor bahitzeak ere 10 eta 15 urte arteko kartzela zigorra izango du; bahitutakoa adingabea edo adimen urrikoa izanez gero, larriagoa izango da delitua.

7.- Piromanoak: Nahita piztutako suteak eragiteagatik ezarritako zigorrak gogortuko dituzte (egun urtebetekoa da hori egotzita jar daitekeen zigor larriena). Hala, kalte larria egiten duten suteak eragiteak 6 urteko zigorra izango du. Lapurreta delitua egozteko, ebatsitakoa 1.000 eurotik gorakoa izan beharko da. Orain arte faltatzat jotzen ziren batzuk zigortzeari utziko diote eta beste batzuk delitu arinak izango dira aurrerantzean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea