Gizartea -
SUTEA
Zortzi hilabeteko haur bat larri, kea arnastuta, Burlatan
Etxebizitza bateko logela batean piztu da sua. Suhiltzaileek atera dute mutikoa, larri, eta anbulantzian eraman dute Nafarroako Ospitalera.
Erredakzioa
Zortzi hilabeteko haur bat larri eraman dute Nafarroako Ospitalera, Burlatako etxebizitza baten izandako sute batean, kea arnastu ondoren intoxikatuta.
08:50ean gertatu da sutea, Ezpondoa kaleko etxebizitza batean. Foru Erkidegoko Gobernuak jakitera eman duenez, bizilagunak ohartu dira keaz. Ateari kolpeka hasi dira, barruan zeudenei ohartarazteko.
Emakume bat berehala atera da etxebizitzatik, semeetako bat, lau bat urtekoa, besotan zuela. Antza, sekulako ke-lainoa zegoen eta emakumeak ezin izan du beste semearen logelara sartu. Zortzi hilabeteko mutikoa sehaskan zegoen.
Cordovillako parkeko suhiltzaileek lortu dute umearen logelan sartzea eta umea ateratzea. Esan bezala, arnastutako kearen ondorioz, larri eraman dute erietxera. Atera dutenean konorterik gabe zegoen arren, oxigenoa jarri diotenean, suspertzen hasi da. Umearen ama eta anaia onik daude.
Suhiltzaileek sua erabat amatatu dute. Etxearen logeletako bat, sua piztu den lekua, erabat kiskalita geratu da. Oraindik ez dakite sutea zerk eragin duen.