Gizartea -
Prebentzioa
Gaur hasiko da gripearen aurkako txertaketa kanpaina EAEn
Osasun Sailaren helburua gaixotasuna garatzeko arriskuan dauden herritarren % 65i txertoa ematea da. Arrisku gehien dutenak 65 urtez gorakoak eta gaixotasun kronikoak dituztenak dira.
Erredakzioa
Gripearen aurkako txertaketa kanpaina gaur hasi eta azaroaren 8an amaituko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Kanpaina horren bidez, gripea izateko arrisku handia dutenen % 65i txertoa ematea espero dute, 65tik gorakoekin eta gaixotasun kronikoak dituztenekin batera.
Eusko Jaurlaritzak 380.000 txerto erosi ditu 1.200.000 euro ordainduta. Jon Darpon Osasun sailburuak aurtengo kanpainaren aurkezpenean esan zuenez, txertoa "segurua eta eraginkorra" da eta arriskuan daudenei hartzeko gomendioa egiten diete gaixotasuna hartu eta "konplikazioak" saihesteko.
Gaixotasuna hartu eta konplikazioak izateko arrisku gehien dituztenak 65 urtez gorakoak eta diabetesa, bihotzeko gaixotasunak eta arnasa hartzeko arazoekin lotutako gaitzak dituztenak dira.
Osasun langileei ere, txertoa
Txertaketa kanpaina osasun eta gizarte langileei ere zuzenduta dago, gaixotasuna hartu eta arriskuan daudenak kutsatzeko aukera handiak dituztelako.
Txertoa hartzeko, ohiko osasun zentrora joatea baino ez dago. Hala ere, Osasun Sailak aurretik deitu eta hitzordua eskatzeko gomendioa egin du.