Gizartea -
Urtaro aldaketa
Iritsi da udazkena
Urtaro berria 22:44ean iritsi da. Hala ere, aurreikuspenen arabera, datozen egunetan oraindik udako eguraldia izango dugu.
Erredakzioa
Gaueko 22:44an sartu gara udazkenean. Kolorez aldatzen ikusiko dugu paisaia, hostoak erortzen, nekazariak uzta biltzen eta perretxikozale ugari basoetan. Hori hurrengo 89 egunetan, abenduaren 21ean neguan sartuko garen arte.Ipar hemisferioan udazkenean sartu gara. Lurraren hegoaldean bizi direnak, ordea, udaberrian sartuko dira. Gaur, egunak gauak adina irauten du planeta osoan, 12 ordu zehazki. Baina egunek aurrera egin ahala, ipar hemisferioa eguzkitik aldentzen hasiko da, eguzki orduak gutxituz joango dira, gero eta gehiago kostako zaio eguzkiari ateratzea eta azkar alde egingo du.Poliki-poliki lurraren tenperatura jaitsi egingo da. Ura nekezago ibiliko da zuhaitz barruetan, eta hori dela eta, hostoak erortzen utziko ditu arbolak, hezetasunari eutsi ahal izateko.Ugariak izan ohi dira animalien joan-etorriak. Hilabeterik hotzenei aurre egiteko prestatzen ibiltzen dira, baita gizakia bera ere. Hego haizeak nahiz tenperaturaren beherakadak aldaketak eragiten dituzte, eta egoera berrira egokitzen ditugu burua eta gorputza.
Udazken euritsua iragarri du AEMETek
AEMETen arabera, "udazkena normala izango da Euskadin eta ohiko moduan egingo du euria". Ez da ahaztu behar, udazkena dela euri gehien egiten duen urtaroa. Margarita Martin AEMETek Euskadin duen ordezkariak datozen hiru hilabeteetarako eguraldiaren iragarpena egin du gaur.
Aztertutako eredu guztiek udazken normal bat iragaztzen dutela esan du Martinek. "Euskadin udazkenean euria egitea da normala, batez ere kostaldean. Gasteizen baino euri gehiago egiten du han", adierazi du. Gainera, azaroan eta abenduan urrian baino euri gehiago egiten du.
Tenperaturei dagokienez, tenperatura normalak aurreikusi dituzte: 8,7 gradu barnealdean (Gasteiz) eta 12,6 kostaldean (Bilbao). Abendua gerturatu ahala, hotz gehiago egingo du. "Atmosferak denbora gutxiago behar du hozteko berotzeko baino, eta hori dela eta, iraila eta urria bitartean, eta inguruaren arabera, termometroak 5 eta 6 gradu artean jaistea espero da", gaineratu du.