Gizartea -
Hilketa
Santiagotik gertu hilik aurkitu zuten neskaren ama atxilotu dute
Haren bertsioa "anbiguoa eta kontraesankorra" dela uste du Poliziak.
Erredakzioa
Santiago de Compostelako kanpoaldean indarkeria zantzuekin hilik aurkitu zuten neskatoaren ama atxilo hartu dute gaur eguerdian.
Polizia iturriek jakinarazi dutenez, Rosario Porto neskaren ama preso hartu dute, haren bertsioa "anbiguoa eta kontraesankorra" delako.
Neskatoaren gorpua igande goizaldean aurkitu zuten Feros izeneko leku bateko mendi-bide batean, Teo udalerrian (A Coruña).
Larunbat gauean, 22:00ak aldera, alaba desagertuta zegoela salatu zuten gurasoek.
"Kontraesanak", amaren bertsioan
Rosario Porto abokatua eta Frantziako kontsul ohia da. Poliziaren aurrean egindako lehen deklarazioaren arabera, uda hasieran gizon bat topatu zuen etxean, adin txikikoa ito nahian. Emakumea ikustean, ihes egin zuen erasotzaileak.
Gertakaria larria izan arren, amak ez zuen salaketarik aurkeztu. "Arraroa" iritzi diote hilketa ikertzen ari direnek, eta Rosario Portoren bertsioaren beste datu batzuk ere "anbiguoak eta kontraesankorrak" direla adierazi dute.
Polizia neskatoaren familia eta gurasoen lagunak galdekatzen dabil, datu gehiagoren bila.
Gorpua mendi-bidera eraman zuten
Samuel Juarez Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkariak adierazi duenez, Poliziak ez du "aukera bakar bat ere baztertzen", eta hilotza mendi-bide batean topatu bazuten ere, bertan hil ez zutela agertu du.
"Agerian zen leku batera mugitu zuten, arin topa zezaten", erantsi du.