Gizartea -

Hilketa ikertzen ari dira

Galizian hilik agertutako neskatoaren aita ere atxilotu dute

Ikerketen arabera, lasaigarria eman zioten neskatoari, eta, ondoren, ito egin zuten. Aitona-amonen herentziaren onuradun nagusia zen Asunta Basterra.

Neskaren gorpua topatu zuten mendi-bidea. Argazkia: EFE
Neskaren gorpua topatu zuten mendi-bidea.
Galiziako 12 urteko neskaren aita ere, inputatu eta atxilotu dute

1:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atxilotu egin dute Alfonso Basterra, Galizian asteburuan hilik aurkitu zuten Asunta Basterra 12 urteko neskatoaren aita, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Aurretik, hilketa delitua egotzi dio epaileak aitari ere, baina aske egon da orain arte. Atzo, Rosario Porto ama inputatu zuten, hilketa delitua egotzita, eta atxilotuta dago ordutik.

Rosario Portok Montouto (Coruña) herrian duen etxebizitza miatu du Poliziak, neskatoaren gurasoak aurrean zirela. Izan ere, haurraren gorpua agertu zen tokitik hiru kilometrora dago. Miaketa horren ondoren atxilotu dute aita.

Igandean ere miatu zuten etxebizitza hori, eta gorpuaren ondoan aurkitu zuten soka berdina atzeman zuten bertan.

Neskatoaren gorpua igande goizaldean aurkitu zuten Feros izeneko leku bateko mendi-bide batean, Teo udalerrian, Santiagotik gertu (Coruña). Larunbat gauean, 22:00ak aldera, alaba desagertuta zegoela salatu zuten gurasoek.

Analisi toxikologikoen arabera, lasaigarria eman zioten neskatoari, eta, ondoren, ito egin zuten.

Herentziaren onuradun nagusia

Amaren familiako aitona-amonen herentziaren onuradun nagusia zen Asunta Basterra Porto, ikerketako eta familia inguruko iturriek baieztatu dutenez. Urtebeteko aldearekin hil ziren aitona-amonak.

Biak inputatuta

Antonio Vazquez Tain Santiagoko 2. instrukzio epaitegiko epaileak Alfonso Basterrari ere egotzi dio hilketa. Kasuko epaileak delitu bera egotzi die biei, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar bidez jakinarazi duenez. Hala ere, epaileak inputazio horiek zehaztu ahal izango ditu bi inputatuek haren aurrean deklaratu ostean.

"Kontraesanak", amaren bertsioan

Rosario Porto abokatua eta Frantziako kontsul ohia da. Poliziaren aurrean egindako lehen deklarazioaren arabera, uda hasieran gizon bat topatu zuen etxean, adingabea ito nahian, eta, emakumea ikusitakoan, ihes egin zuen.

Gertakaria larria izan arren, amak ez zuen salaketarik jarri. "Arraroa" iritzi diote horri hilketa ikertzen ari direnek, eta Rosario Portoren bertsioaren beste datu batzuk ere "anbiguoak eta kontraesankorrak" direla adierazi dute.

Polizia neskatoaren familia eta gurasoen lagunak galdekatzen dabil, datu gehiagoren bila.

Gorpua mendi-bidera eraman zuten

Samuel Juarez Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkariak adierazi duenez, Poliziak "ez du aukera bakar bat ere baztertzen", eta, hilotza mendi-bide batean topatu bazuten ere, ez zutela bertan hil esan du.

"Agerian zen leku batera eraman zuten, arin topa zezaten", erantsi du.

Hileta egin zuten Santiagon

12 urteko umearen omenez hileta egin zuten atzo Santiagon. Mezan apaizak adierazi zuenez, 'Jainkoak ez zuen heriotza hau nahi, baina gertatu egin da'. Meza bukatu eta elizatik ateratakoan, istiluak izan ziren, argazkilariak eta kazetariak bertan zirelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea