Gizartea -
Erretzaile ohien eguna
'Zigarro bat nahi al duzu? Ez, jada ez dut erretzen'
Erretzaile ohien eguna da gaur Europar Batasunean. Europako Batzordeak kanpaina egin du tabakoarekin lotuta EB osoan urtero hiltzen diren 700.000 pertsonen kopurua murrizteko.
Erredakzioa
Gaur Europar Batasuneko erretzaile ohien eguna da, bai Europar Batasuneko "Erretzaile ohiak geldiezinak dira" kanpainari esker utzi duten 400.000 pertsonentzat, bai beste tresna batzuen bitartez ohitura kaltegarri hori utzi dutenentzat.
Hori horrela, gaur ekitaldi ugari egingo dituzte EBko herrialde guztietan, erretzaile ohiak zoriontzeko.
2011n abian jarritako "Erretzaile ohiak geldiezinak dira" kanpainarekin, tabakoarekin lotuta EB osoan urtero hiltzen diren 700.000 pertsonen kopurua murriztea da helburua. 25 eta 34 urte arteko 28 milioi erretzaileak daude kanpainaren jomugan, eta tabakoaren arriskuez ohartarazi beharrean, ohitura txar hori uzteak dituen onurak azpimarratzen ditu. Gainera, iCoach izeneko aplikazioa kaleratu dute erretzen uzten laguntzeko.
Erretzaile ohien Egunarekin tradizio berria sortu nahi dute: erretzaile ohiak zoriontzea eta osasuna ospatzea.