Gizartea -
Kontziliazioa
Ordulariak ordubete atzeratzeko aukera aztertuko du Gobernuak
Espainiako Gobernuak hainbat adituk prestatutako txostena aztertuko du. Txostenak lanaldi jarraituaren eta haurren eskola ordutegia atzeratzearen aldeko apustua egiten du.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuko Berdintasun Batzordeak ordulariak ordubete atzeratzeko proposamena jasotzen duen txostena onartu du. Txostenak Espainian ordua aldatzeak izango lukeen eragina aztertzeko eskatzen dio Gobernuari. Familia eta lan-bizitzaren bateratzea da dokumentuaren helburua eta lanaldi jarraituen eta haurrak eskolara beranduago sartzearen aldeko apustua egiten du.
Gobernuari egiten zaion eskaeren artean, ordua GMT zonara moldatzearena dago. Aldaketa horren bidez familia eta lan-bizitza bateratzea "hobetuko" litzateke eta herritarrek denbora gehiago izango lukete familiari, formazioari, bizitza pertsonalari eta aisialdiari eskaintzeko. Lanaldi zatitua ekiditearen aldeko proposamena ere jasotzen du.
"Lan zaila da, gure eguneroko ohituretan aldaketak eragiten dituelako. Emaitzek, ordea, Europara gerturatuko gaituzte. Une honetan Europatik urrun gaude, bai lehiakortasun, bai ekoizpen eta bai kontziliazio alorrean", azpimarratu du txostenak.
Espainiak egoera "arraroa" bizi duela ere azaltzen du. Izan ere, Erdialdeko Europari dagokion ordutegia du, Mendebaldeko Europari dagokiona izan beharrean. "Jarraitzen dugun ordutegiak, ordularia bera baino, eguzkia hartzen du aintzat", dio. Egoera horri, gainera, lan-ordutegi "berezi" bat gehitzen zaiola zehazten du txostenak, Europan ezartzen denarekin antzekotasunik ez duena.
Eskola ordutegia
Haurrak eskolara beranduago joatea eta jardunaldia bi zatitan banatzea proposatzen du dokumentuak. Izan ere, egun dauden ordutegiek ez dute familia eta lana bateragarri egiten. Testuak jasotzen duenez, lanaldi jarraitua ez da egokia haurrentzat, ez baitu kontziliazioa bultzatzen eta haurren beharrak ez baititu asetzen. "Ordutegiak moldatzeaz gain, oporraldiak eta haurrek eskolan duten egutegia ere moldatu beharko lirateke", horren arabera.
Aitatasun eta amatasun baimenak moldatzeko beharra ere azpimarratu du, guztia ere, familia eta lan-bizitza bateratzeko helburuarekin. Aitatasun baimena lau astera luzatzeko gomendioa jasotzen du.
Bestalde, dendarien kontziliazioa bultzatzeko, dendek eta merkataritza eremuek duten ordutegi esparrua zehaztea ere eskatu du txostenak. Telebistari dagokionez, telebistako ordutegi nagusia, 'prime time' izenarekin ezaguna dena, aurreratzea eskatzen da.
Lege berria
Txostenak familia eta lan-bizitza bateratzeko lege berri bat egitearen beharra azpimarratzen du, gai horietan guztietan sakontzeko eta txostenean jaso diren ekarpenak biltzeko. Egun, Espainian kontziliatzeko dauden zailtasunak nabarmentzen ditu proposamenak.
Bederatzi hilabeteko eztabaidaren emaitza da gaur aurkeztutako lana. Bertan, Kongresuko Berdintasun Batzordeko kideek eta diputatuek parte hartu dute, eta 60 adituren ekarpenak jaso dituzte.
PP, CiU, UPyD eta EAJk babesa eman diote txostenari. Ezker Anitza, BNG eta PSOE abstenitu egin dira.