Gizartea -

HERIOTZA IKERTUKO DUTE

Haurdun zegoen gazte britainiar bat hil da Gironako aireportuan

UGTk salatu duenez, terminalean ez dago osasun zerbitzurik, duela urtebete itxi baitzuten. Larrialdi zerbitzuen anbulantziak 14 minutu behar izan zituen ezbeharraren tokira heltzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haurdun zegoen 21 urteko britainiar emakume bat hil zen atzo Gironako aireportuan, zorabiatu eta konortea galdu eta gero, Kataluniako Gobernuko Larrialdi Medikoen Zerbitzuak baieztatu duenez.

Atzo, astelehena, biktima terminalean zegoen, hainbat seniderekin batera, eta, hain zuzen, beraiek artatu zuten, Larrialdi Zerbitzuei deitzen zieten bitartean. Anbulantziak emakumearengana heltzeko 14 minutu behar izan zituela esan dute zerbitzu horretako bozeramaileek.

UGT sindikatuak kasua dela eta salaketa jartzeko asmoa du, aireportu honetako osasun zerbitzua duela urtebete itxi baitzuten. Joan Muntada UGTk garraio arlorako duen idazkari nagusiak azaldu duenez, "gertakari horren inguruko informazioa" eskatu du sindikatuak, "inputaziorik eskatu behar ote den jakiteko", eta konbentzituta agertu da hori gertatuko dela.

Kataluniako larrialdi zerbitzuetako bozeramaile batek zehaztu duenez, abisua 15:24an jaso zuten, eta anbulantzia 15:38an heldu zen terminalera. "Larrialdi horietarako ohiko tartea" da hori, azaldu dutenez.

Senideekin batera Birminghamera joateko abioiaren zain zegoen gaztearen gorpua Auzitegi Medikuntzako Gironako Institutura eraman dute, eta autopsia egingo diote bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea