Gizartea -
KILOMETROAK TOLOSAN
Dena prest Tolosan, Kilometroak 2013 ospatzeko
Erronka izeneko txapelketa izango da aurtengo berrikuntza nagusia. Laskorain ikastolak antolatu du aurtengo festa.
Erredakzioa
Igandean ospatuko dira Kilometroak Tolosan. Aurtengo Gipuzkoako Ikastolen jaia Laskorain ikastolak antolatu du, eta "Ahora!" da leloa. Ekitaldi ugari izango dira egun osoan zehar, besteak beste, kontzertuak, herri kirol erakustaldiak eta tailerrak.
Helburua, urtero bezala, Gipuzkoako ikastolei bultzada ematea izango da. Aurtengo edizioan, gainera, berrikuntzak topatuko ditugu. Izan ere, Erronka izeneko txapelketa bat antolatu du Laskorain ikastolak. Bertan, Gipuzkoako 21 ikastolek proba desberdinetan hartuko dute parte. 10 pertsonako taldeak izango dira, eta Edurne Pasaban, Oihan Vega, Nerea Alias edo Abraham Olanoren gidaritzapean arituko dira. Txapelketako irabazleek 2.000 euroko saria lortuko dute.
Festaren atal nagusiak, zirkuituak, zazpi kilometro izango ditu, eta bost gune handi eta sei txikitan banatuko da. Zirkuituan zehar sei eszenatoki egongo dira, eta horietan Vendetta, Gatibu, Gose, Hesian eta beste hainbat talderen kontzertuak eskainiko dira.
Garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dute antolatzaileek. Hori dela eta, Renfek zerbitzu bereziak antolatu ditu iganderako. Guztira 79 tren ibiliko dira egun osoan zehar Tolosara joan-etorrian, eta 86.000 bidaiarirentzat lekua izango da. 09:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 22:00etara, 15-20 minutuko maiztasunarekin zirkulatuko dute Renferen trenek, eta Tolosako geltokian soilik geldituko dira; izan ere, Tolosa erdialdeko geltokian ez da trenik geratuko 08:30etatik 22:00etara bitartean. Bestalde, autoz doazenentzat 2.500 aparkaleku antolatu ditu Laskorain ikastolak.
Eguraldiari dagokionez, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, egunaren lehen partean ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta hodeiek euri pixka bat utzi dezakete. Arratsaldean, ordea, haizea ipar-ekialdera joango da, atertuz joan eta ostarteren bat azalduko da. Termometroak 15-20 graduren bueltan izango dira.