Gizartea -
2013ko Nobel sariak
'Higgsen bosoia'ren aitak, Fisikaren Nobel saridunak
Peter Higgs britainiarra eta Francois Englert belgikarra saritu dituzte, CERNek 'Higgsen bosoia' existitzen dela baieztatu eta urtebetera.
Erredakzioa
Peter Higgs fisikari britainiarri eta François Englert belgikarrari emango diete aurten Fisikaren Nobel Saria, 'Higgsen bosoia', masa sortzen duen partikula subatomikoa, teorizatzeagatik.
Iaz, Partikulen Fisikari buruzko Zentro Europarrak (CERN) baieztatu egin zuen 'Higgsen bosoia' existitzen dela, Genevako azeleragailuan, eta, orduan bertan, partikula horren 'aitei' Nobel saria eman beharko zitzaiela esan zuten zientzialari askok, Stephen Hawking-ek, kasu. Aurten bertan, Ikerketaren Asturiasko Printzearen Saria ere jaso dute.
Englert 1932. urtean jaio zen, eta Bruselako Unibertsitate Askean egiten du lan. Higgs, aldiz, 1929. urtekoa da, eta Edinburgoko Unibertsitatean aritzen da.
Bitxikeria gisa, Fisikaren Nobel saridunak ordubete berandu jakinarazi dituzte. Hasieran, 11:45erako espero zen iragarpena, baina Zientzien Akademiak 30 minutu atzeratu zuen, eta 60 azkenean, inolako azalpenik eman gabe.
Atzo, Medikuntzaren Nobel saridunak ezagutarazi zituzten: James E. Rothman, Randy W. Schekman eta Thomas C. Südhof. Zelulen garraioari buruz egindako ikerketengatik saritu dituzte.
Bihar, Kimikaren Nobel sariduna jakinaraziko dute; ostegunean, Literaturarena, eta ostiralean, Bakearena. Azkena, Ekonomiarena, hilaren 14an iragarriko dute.
Urtero bezala, golardoak abenduaren 10ean emango dituzte, hau da, Alfred Nobelen heriotzaren urteurrenean.