Gizartea -
Protestak Frantzian
200 hegaldi bertan behera Frantzian, kontrolatzaileen greba dela eta
Biarritzeko aireportuan gutxienez zortzi hegaldi gelditu dira bertan behera, eta arazo gehiago espero dituzte egunean zehar.
Erredakzioa
Gutxienez 200 hegaldi bertan behera geratu dira gaur Frantzian aire-kontrolatzaileen bi sindikatuk herrialdean deitutako grebaren ondorioz. Hegaldi gehienek Espainia, Portugal eta Magreb zuten jomuga.
Biarritzeko aireportuan, bestalde, zortzi gelditu dira bertan behera, eta, aireportuko webgunean ohartarazi dutenez, baliteke egun osoan arazo gehiago izatea. Hori dela eta, azken orduko informazioa bertan kontsultatzeko deia egin dute.
Frantziako Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak emandako datuen arabera, Orly aireportuko hegaldien % 25, Roissy Charles de Gaullen % 8 eta Marseilla eta Lyongo % 30 geratu dira bertan behera.
Aurreikuspenen arabera, 75 zerbitzu geratuko dira bertan behera Orlyko aireportuan; Charles de Gaullen, 50; eta dozenaka Beauvaisen, Marseillan eta Lyonen.
Greba 06:00etan hasi eta 20:00etan bukatuko da. Hala, iluntzerako hegaldien joan-etorria ohikoa izango dela espero dute.
Bi sindikatuk deitu dute protesta eguna, Europako Batzordeak abian jarri duen "Zeru Bakarra" izeneko proiektua salatzeko. Horren arabera, Europako aire-espazioan bederatzi "bloke" eratuko dituzte, kostuak murriztu eta ahalmena handitzeko.