Gizartea -
Ezbeharra Norvegian
Turista espainiar bat hil da Norvegian, amildegi batetik erorita
Gizonezkoa Preikestolen gailurretik erori zen asteartean, eta oraindik ez dute haren identitatearen berri eman.
Erredakzioa
Turista espainiar bat hil da asteartean Norvegia hegoaldean, Preikestolen gailurretik erorita, bertako hedabideek gaur adierazi dutenez. 600 metrotik gorako amildegia du 'Pulpitua' izenarekin ezagutzen duten harkaitz horrek, eta erakargarri turistiko ospetsua da Norvegian.
Oraindik ez dute gizonezkoaren identitatearen berri eman. Barrutiko poliziaburu Odd-Bjorn Næssek Aftenbladet egunkariari azaldu dionez, hildakoa Stavanger herrian ezagutu zituen bi lagunekin joan zen mendi gailurrera.
Hiru lagunak bertatik alde egitekoak zirenean, turista espainiarra gailurrera itzuli zen argazki gehiago ateratzera. Handik gutxira, jada beherago zeuden lagunek garrasi bat entzun zuten, baina ez zuten ezer ikusi, Strandbuen egunkariaren arabera.
Polizia ohartarazi zuten, eta horrek helikoptero bat bidali zuen zonaldea ikuskatzeko. Ikusmen arazoak zirela medio, gorpua ez zuten hurrengo egunera arte aurkitu. Jarraian, Stavangerko Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, autopsia egitera.
Poliziaburuak zehaztu duenez, leku horretatik erori den lehen pertsona izan da.
"Gertatu dena tragedia da, baina bagenekien egunen batean horrelako zerbait gertatuko zela", adierazi dio Kjell Helle Olsenek, Stavangerko Turismo Elkarteko zuzendari ohiak, NRK telebista kate publikoari.
Urtero 200.000 pertsonak bisitatzen dute 'Pulpitua', eta eztabaida sortu da toki horretako segurtasun neurrien inguruan.