Gizartea -

2013ko Nobel sariak

Arma kimikoen aurkako nazioarteko borroka, Bakearen Nobel sariduna

Hain zuzen ere, Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak jasoko du saria, abenduaren 10ean.

Bakearen nobel saria, Arma Kimikoen Debekurako Erakundearentzat

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakearen Nobel sariak arma kimikoen aurkako borroka globala omendu nahi izan du aurten, Damaskon (Siria) 1.400 pertsona baino gehiago hil zituen eraso kimikoa jazo eta hiru hilabetera.

Izan ere, Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundea (OPCW), hau da, Arma Kimikoen aurkako Ituna ezarri behar duen erakundea, saritu du Norvegiako Nobel Batzordeak. Itun hori 1997. urtean sortu zen, eta 189 herrialdek sinatu dute.

Thorbjorn Jagland Norvegiako Nobel Batzordeko idazkariak azaldu duenez, tankera horretako armak "desagerrarazteko egindako ahaleginengatik" eta Siriako gatazkan egindako lanagatik saritu dute erakundea.

"Sirian gertatutakoak agerian utzi du arma kimikoak desagerrarazteko esfortzuak areagotu egin behar direla", esan du.

Nobel Batzordeak gogorarazi duenez, hainbat herrialdek ez dute oraindik ituna sinatu, eta beste hainbatek, AEBk eta Errusiak kasu, ez dituzte arma kimikoak desagerrarazteko epeak bete.

OPCW aukeratzea ezustekoa izan da, Malala Yusufzai, iaz Pakistanen umeen hezkuntza defendatzeagatik tirokatu zuten 16 urteko neska, baitzen faborito. Dena dela, Norvegiako telebista publikoak gaur goizean aurreratu du azkenean ez zutela Malala sarituko, gazteegia delako eta saria jasotzeak terroristen jomuga bihurtuko lukeelako.

Bakearen Nobel saria Suedian iragartzen eta entregatzen ez den bakarra da. Norvegian egiten dute, hain zuzen ere, Alfred Nobelen garaian Suediako Erresumaren parte baitzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea