Gizartea -

Donostia

Komenientziako ezkontzak antolatzen zituen sare bat desegin dute

Poliziak bost pertsona atxilotu ditu. Antza denez, Trintxerpeko taberna batean egiten zituzten plangintzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak bost pertsona atxilotu ditu Donostian, komenientziako ezkontzak antolatzen zituen sare bat osatzea egotzita.

Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak azaldu duenez, atxilotuek 5.000 eta 10.000 euro artean kobratzen zituzten, eta Trintxerpe auzoko taberna batean egiten zituzten plangintzak. Bertan, gainera, droga-trafikoa ere egiten ei zuten, baina kopuru txikiekin.

Ezkontzak espainiar hiritartasuna zutenen eta Estatuan bizitzeko baimenik ez zuten atzerritarren artean ziren, azken horiek hiritartasuna lor zezaten. Ustez, atxilotuek ezkongaiak bilatzen zituzten, eta izapide administratiboak abiatzen zituzten. Ezkontza egin eta atzerritarrak hiritartasuna lortzeko prozesua hasi eta gero, senar-emazteak banandu egiten ziren.

Sare honen burua, emakumezko bat, Kamerungo gizon batekin ezkondu zen, 8.000 euroren truke. Haren mutil-laguna Kolonbiako emakume batekin ezkonduta zegoen, diru truke. Gainera, diru gehiago eskatu zion ondoren emakumezkoari, dibortzioa ez eskatzeko.

Agenteek tankera horretako beste 12 ezkontzaren berri dute. Atxiloketaren unean, bat prestatzen ari ziren, 10.000 euro eskatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea