Gizartea -
Protestak Barakaldon
Barakaldoko alkatearen etxe aurrean deitutako protesta galarazi dute
Berri-Otxoak plataformak deitutako elkarretaratze zaratatsua Herriko Plazan egin dute, udaletxearen aurrean.
Erredakzioa
Gizarte-bazterketaren aurkako Berri-Otxoak plataformak Barakaldon deitutako kontzentrazio zaratatsua lekualdatzeko agindua eman du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Elkarretaratzea Alfonso Garcia (PSE-EE) Barakaldoko alkatea bizi den kalean egitea espero zen, baina Herriko Plazara lekualdatu dute.
Kontzentrazioa goizeko 10:30ean alkatearen etxe inguruan egitea espero zen, Udalak egindako murrizketak eta Garciak jasotzen duen "soldata lodia" salatzeko -hilean 6.500 euro, plataformaren hitzetan-. Adostutako ordua baino minutu batzuk lehenago, ordea, Ertzaintzak euren zuzendariaren ebazpena eman die bertan bilduta zeuden plataformako kideei, elkarretaratzea Herriko Plazara lekualdatzeko aginduarekin.
Ebazpen horretan, kontzentrazioa alkatea bizi den kalean egitea Garciaren "osotasun moralaren aurkako erasoa" eta "intimitate pertsonal eta familiarrerako eskubidearen neurrigabeko asaldadura" dela zehaztu du Ertzaintzak.
Berri-Otxoak plataformak biltzeko eskubidea urratu zaiola salatu du, eta lekualdatzearen berri elkarretaratzea hasi baino minutu batzuk lehenago eman izana kritikatu du, baimena pasatu den astean eskatu baitzuten.
Alkatearen etxe aurrean biltzea eragotzi dien ebazpena jaso ostean, plataformako kideak Herriko Plazara joan dira, eta udaletxearen aurrean egin dute protesta, "Langabeziari ez, etxegabetzeei ez. Babes sozialaren alde" leloa zuten pankarten atzean.
Gainera, Udalak egindako murrizketak eta alkatearen "soldata potoloa" salatzen zituzten kartelak eraman dituzte elkarretaratzera.
Adierazpen batean, Udalak "laguntza sozialak gogor murriztu" dituela azpimarratu du plataformak. 10.000 pertsona daude langabezian Barakaldon, eta langabezi tasa % 21 ingurukoa da.
Berri-Otxoakek zehaztu duenez, "nahiko aurrekontu ez izateak laguntza sozialetara bideratutako funtsak agortzea" ekarri zuen irailaren 30ean. Ondorioz, mila familia inguruk "oinarrizko beharrizanak asetzea" bermatuko dien laguntzarik ez dute izango.
"Udalbatzaren aurrekontuetatik soldata potoloak jasotzen dituzten bitartean murrizketa sozialen erantzule politikoak direnak nortzuk diren" erakusten 15 urte daramatzala azpimarratu du plataformak.
Gaurko elkarretaratzea Berri-Otxoak plataformak Pobrezia Erauzteko Nazioarteko Eguna dela eta bultzatutako mobilizazioetako bat izan da, ostegun arratsalderako udaletxe aurrean deitu denarekin batera.