Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
4,5 urteko kartzela zigorra, Gasteizen bikotekidea jotzearren
26 urteko gizonezko bati lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote, Gasteizko etxe batean bikotekidea mehatxatu, jo eta lotzeagatik. Ahoan, komuneko papera sartu zion, isilarazteko.
Erredakzioa
Gizonezko bati lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote, Gasteizko etxe batean bikotekidea mehatxatu, jo eta lotzeagatik. Ahoan, komuneko papera sartu zion, isilarazteko.
Fiskaltzak hamaika urte eta erdiko kartzelaldia eskatu zuen gertakari horiengatik, baina azkenik, defentsarekin hitzartuta, lau urte eta erdikoa izango da zigorra.
Hala ere, Fiskaltzak eskatu zituen beste zigorrei eutsi diete: auzipetuak ezingo du 12 urtean biktimarekin harremanik izan edo harengana hurbildu, ezingo du 14 urtez armarik eduki eta gizartearentzako lanak egin beharko ditu bederatzi hilabetez.
Arabako Auzitegiaren ebazpenak dioenez, 2011ko martxoaren 27an akusatua (26 urte) Gasteizko Arriagako parkean zegoen arratsaldeko zortzi eta erdietan, neska lagunarekin batera, nahiz eta, urtebete lehenago ezohiko tratu txarrak egotzita zigortu zutela eta, ezin zen harengana hurbildu.
"Urruntzeko agindua zuen jakitun", akusatua bikotekidea iraintzen hasi zen: "puta", "akabatuko zaitut" eta "hil egingo zara", esan zion, beldurtzeko. Jarraian, gorputz osoan kolpeak jotzen hasi zen.
Gainera, ebazpenean irakur daitekeenez, gero biak Abetxuko auzoan zuten etxera joan ziren. Han, gizonak emakumearen eskuak eta orkatilak kable batez lotu zituen, ihes egin ez zezan, eta ahoan komuneko papera sartu zion, isilarazteko. Gizonak gau osoan izan zuen horrela emakumea, eta etengabe aritu zen kolpeak ematen eta heriotza mehatxuak egiten.
Biharamunean, etxetik kanpo, akusatuak emakumea hartu eta besotan astindu zuen, eta, biktimaren seme nagusiaren aurrean, heriotza mehatxuak eta irainak bota zizkion. Horrek, Auzitegiaren idatziaren arabera, "beldur handia" eragin zion.
Erasoaren ondorioz, emakumeak hematomak izan zituen ezpainetan, matrailean, buruan, eskuin besagainean, bi besoetan eta sabelaldean. Hamar egun behar izan zituen horiek guztiak sendatzeko.
Arabako Auzitegiak ohiko tratu txarren delitu bat, ezohiko tratu txarren hiru delitu, mehatxu jarraituen delitu bat, legez kanpoko atxiloketaren beste bat eta kondena etengabe urratzeko beste delitu bat.