Gizartea -
Epaiketa Bartzelonan
81 urteko zigorra ginekologo bati pazienteei sexu-abusuak egiteagatik
Bartzelonan, 25 emakumek salatu dute Sami Yasin ginekologoaren abusuak jasan izana. Gehienez, 13 urte eta erdi beteko ditu kartzelan.
Erredakzioa
Bartzelonako Auzitegiak 81 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Sami Yasin ginekologoari, 25 pazienteri sexu-abusuak egiteagatik. Gainera, biktimei guztira 150.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die. Kopuru hori Institut Català de la Salut erakundeak ordainduko du erantzule subsidiario gisa.
Ebazpenean, Bartzelonako Auzitegiaren hamargarren sekzioak 25 sexu-abusu deliturengatik zigortu du ginekologoa. Auzitegiak zehaztu duenez, gehienez hamahiru urte eta erdi beteko ditu kartzelan.
Gainera, biktima bakoitzari, kalte-ordain gisa, 6.000 euro eman beharko dizkio Nou Barris auzoko anbulatorioko langile ohiak. Kopuru hori, modu zuzenean, aseguru-etxe batek ordaindu beharko du, eta erantzule subsidiario moduan, Institut Català de la Salut erakundeak, akusatua "Administrazioak kontratatutako langilea" baitzen.
Epaimahaiaren iritziz, abusu guztiek badute zerbait komunean: "Biktima guztiek akusatua eurenganako nagusitasun egoeran zegoelako jasan zituzten abusuak, eta horri emandako baimena ez zihoan ekintza medikutik harago".
"Biktimak medikuaren nagusitasunaren menpe" egoteak pazienteek aurkaritza "garbia eta nahasezina" erakustea galarazten zuela uste du Auzitegiak, eta autodeterminazioa mugatzen ziela egoera horrek.
Bartzelonako Audientziak zehaztu duenez, masturbazio mugimenduak, sexu-organoetan laztanak eta hitz lizunak jasan zituzten biktimek, gehienetan, aurrean erizainik ez zegoenean.
Ekintza horiek guztiak zirela eta, biktimek "ginekologoen azterketei uko egitea" erabaki zutela eta "irainduta, umiliatuta eta zikinduta" sentitzen zirela azaldu du epaimahaiak.
Lekukoen iritzia onartu du auzitegiak, eta auzitegi-medikuaren txostenak dioena kontuan hartu du. Bertan zehaztutakoaren arabera, akusatuak biktimei egindako miaketak "ez ziren behar bezalakoak".
Epaimahaiaren ustez, ginekologoaren "gehiegizko" gertutasunak eta miaketetan eszitatzeak argi erakusten dute akusatuaren helburu nagusia "sexualki gogobetetzea" zela.