Gizartea -
Pobrezia Euskadin
243 pertsona kalean bizi dira Gasteizen, Bilbon eta Donostian
1.704 lagun gizarte-bazterketa egoera larrian daude Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan, etxerik gabeko pertsonen gainean egindako ikerketa baten arabera.
Erredakzioa
243 pertsonak kalean egiten dute lo egunero Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuetan, kale gorrian, kutxazain automatikoetan, atarietan zein autoetan. 2012ko urriaren 17ko gauean egin zuten kontaketa Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleetan, EAEn etxebizitzarik ez duten pertsonen inguruko lehen ikerketa egin ahal izateko. Ikerketa Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalen, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Diputazioen laguntzarekin egin dute.
Ikerketa horren arabera, 1.704 pertsona gizarte-bazterketa egoera larrian daude EAEko hiru hiruburuetan, eta horietatik 1.461ek (% 85) erakunde publikoek eskaintzen dizkieten tokietan egiten dute lo.
Hiriburuz hiriburu, 148 lagunek egiten dute lo kalean Bilbon, 66k Donostian eta 29k Gasteizen.
Halaber, gizarte-bazterketa egoeran dauden lagunen % 82,7 gizonezkoak dira, erdiek (% 46) 35 urte baino gutxiago dituzte, eta hamarretik sei atzerritarrak dira.