Gizartea -
Urriak 19
Bularreko minbiziaren kontrako nazioarteko eguna
Euskadin eta Nafarroan kasuen % 87 gainditu egiten dira. Urtean 1.335 kasu antzematen dira Euskadin, 22.000 Espainian.
Erredakzioa
Euskadin 1.335 bularreko minbizi-kasu antzematen dituzte urtean, eta horietako % 87,4 gainditu egiten dira, Jon Darpon Osasun sailburuak aditzera emandako datuen arabera.
"Euskadin, bularreko minbizia da tumore gaizto ohikoena, eta emakumezkoen artean heriotza gehien eragiten dituena", azaldu du Darponek. Emandako datuen arabera, urtean 301 pertsona hiltzen dira horren ondorioz.
Sailburuak esan duenez, bahetze programa da gaur egun bularreko minbiziari aurre egiteko "tresnarik onena", eta diagnostiko goiztiarrak "sendatzeko aukerak asko handitzen ditu", gaineratu du.
Programak 18 urte beteko ditu laster, eta, denbora horretan, % 80ko parte-hartzea izan da: 1,4 milioi mamografia egin dira eta 6.216 kasu detektatu dituzte, gehienak goiztiarrak. Horri esker, 10 pazientetik zortzik bularra moztea saihesteko tratamendua egiteko aukera izan dute.
Arrisku faktoreak
Bularreko minbizia zerk eragiten duen argitzeke badago ere, badira gaixotasuna garatzea erraz dezaketen faktore batzuk: erretzailea izatea, alkohola edatea, jateko ohitura txarrak izatea, antisorgailuak erabiltzea, seme-alabarik ez izatea edo berandu izatea, lehen haurra 30 urte baino gehiagorekin izatea, menopausiaren osteko hormona-terapiak erabiltzea eta ariketa fisikorik ez egitea.
Adituek behin eta berriro azpimarratzen dute aurretik aipatutako faktoreak ohiturekin lotuta daudela, eta, ondorioz, aldatzea gure esku dagoela.
Hala ere, badira aldatzerik ez dagoen faktorerik: adina, arraza, familia aurrekariak edo aurrekari pertsonalak, edo bularreko ehuna lodia izatea.
Nafarroan hilkortasuna jaitsi da
Nafarroan, tumorea atzeman eta bost urtera, bularreko minbizia jasaten duten emakumeen % 87 sendatu egiten direla azaldu du gaur Cristina Ibarrola Nafarroako Osasuneko zuzendari nagusiak. Gainera, mediku-azterketa goiz egiten duten 50 eta 69 urte arteko 1.000 emakumeko, 7 edo 9 heriotza ekiditen direla azpimarratu du.
Nafarroako Gobernuak gauzatu du bularreko minbiziaren atzemate goiztiarrerako programa. Aztertzen dituen 1.000 emakumeko, 71 minbizi kasu diagnostikatzen ditu programa horrek, azterketak egin gabe baino lau gehiago. Urtero, 300 bularreko minbizi kasu aurkitzen dira Nafarroan programa horri esker.
Bularreko Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna izanik, prentsaurrekoa eskaini dute Cristina Ibarrolak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari Marisol Arangurenek. Bertan azaldu dutenez, bularreko minbiziaren hilkortasuna % 35 jaitsi da 1990an atzemate goiztiarrerako programa abiatu zenetik.
Espainian, 22.000 kasu urtean
Espainian 22.000 bularreko minbizi kasu antzematen dira urtean, datu ofizialen arabera.
Zortzi emakumetik batek bularreko minbizia izango du momenturen batean.