Gizartea -

Gertakaria Ganberan

Gonbidatu bat biluzarazi eta miatu ote zuten ikertuko du Kongresuak

"Bularretakoa bakarrik nuela eta prakak orkatiletaraino jaitsita utzi ninduten", salatu du Talde Sozialistak Kongresura gonbidatutako Zuzenbide irakasleak. Salaketa aurkeztuko du agenteen kontra.

Mar Esquembre, Kongresuan sartzeko biluzarazi eta miatu zuten emakumea. Argazkia: Twitter
Mar Esquembre
Mar Esquembre, Kongresuan sartzeko biluzarazi eta miatu zuten emakumea. Argazkia: Twitter

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Posada Diputatuen Kongresuko presidenteak azalpenak eskatu dizkie Behe Ganberako Segurtasun arduradunei Talde Sozialistak aurkeztutako salaketa baten harira. Sozialisten esanetan, eurek gonbidatutako emakume bat biluzarazi eta miatu zuten, Kongresura sartu baino lehen.

Salaketan ageri denez, Zuzenbide irakasle bat biluzik utzi zuten miatu ahal izateko. Kongresuan sartzeko baldintza zela argudiatu zuten segurtasun agenteek, gainerako gonbidatuei halakorik eskatu ez zioten arren, betiere sozialistek aurkeztutako salaketaren arabera.

Gertatutakoa argitzeko konpromisoa hartu du Posadak. Presidenteak nabarmendu duenez, Kongresuaren segurtasuna bermatzen duten poliziek hartutako erabakiak "neurrizkoak" izan ohi dira, tarteka "jazoerak" dauden arren.

"Bularretakoa bakarrik nuela eta prakak orkatiletaraino jaitsita nituela utzi ninduten"

Mar Esquembre Kongresura sartzeko biluzarazi eta miatu zuten emakumeak "suminduta" eta "umiliatuta" dagoela adierazi du.

Esquembre Alacanteko Unibertsitatean Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea da, eta "feminista", bere Twitter kontuan aitortzen duenez. Miaketa egin zioten agenteen kontrako salaketa aurkeztuko duela iragarri du, baita Jesus Posada Kongresuko presidentearen aurkakoa ere, bera baita, Esquembreren hitzetan, "Kongresuko polizien arduradun gorena".

Horren esanetan, PSOEko talde parlamentarioko lagun batzuek gonbidatuta joan zen Kongresura, eta, sarreran zegoela, nortasun agirian duen bigarren abizena eta gonbidatuen zerrendan haiek zutena ez zetozela bat esan zioten agenteek.

Hori horrela, "miaketa integrala" egin behar ziotela jakinarazi zioten. "Armak edo objektu arriskutsuak ote nituen konprobatzeko, arropa soinean nuela miatuko nindutela uste nuen, baina gelatxo batera eraman ninduten eta jaka eta kamiseta kentzeko eskatu zidaten", azaldu du.

"Kamiseta kentzeko arrazoia zein zen galdetu nienean, segurtasun protokoloa betetzen ari zirela erantzun zidaten. Hala egin behar izan nuen, eta, ondoren, prakak ere orkatiletaraino jaitsarazi zizkidaten", kontatu du.

Miatu ondoren, gonbidatuen eremura eraman zuten, eta agente bat eduki zuen ondoan saioak iraun zuen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea